Aitor Zelaia eta Galder Barbado atxilotuak izateko arriskuan dira, Auzitegi Gorenaren ebazpenaren zain. Elkartasuna adierazteko egun osoko egitaraua antolatu dute larunbat honetan Agurainen.
Elkartasun eguna antolatu dute Agurainen larunbat honetan, otsailak 19. Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrei elkartasuna adierazteko antolatu du ekimena Ankerkeriari Stop plataformak, eta egun osoko programazioa osatu dute.
Eguerdiko 13:30etan giza-katea egingo dute Santa Mariatik, eta kalejira ondoren. Eguerdiko bazkarirako ticketak salgai daude herriko tabernan. Kontzertu akustikoa izango da bazkariaren ostean, 17:30etan. Gauean La Basu eta Iheskide taldeen kontzertuak izango dira, eta dj-a ondoren.
Aitor eta Galderren auzia
Ia hiru urte dira Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteen aurkako prozesu judiziala hasi zenetik. 2019ko otsailean atxilotu zituzten, Auzitegi Nazionalaren aginduz, eta 6 hilabete egin zituzten prebentziozko espetxealdian. Aske utzi zituzten gero, epaiketaren zain. 2021eko urtarrilean izan zen epaiketa eta epaia honakoa: 4 urteko espetxealdia, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta hamar urteko desgaikuntza.
Auzitegi Gorenera jo zuten errekurritzeko, baina hamar hilabete igarota Galder eta Aitor ebazpenaren zain daude oraindik. Bien bitartean, Aitorren eta Galderren bizitzak «erabat baldintzatuta» daude, eta «bizitza normala egin ezin izanaren kondena erantsia» bizi dutela salatu du ANkerkeriari Stop plataformak. Epaia «bihar bertan heldu daiteke», edozein unetan, eta espetxeratuak izango dira aurkakoa bada.