argia.eus
INPRIMATU
Galder Barbadok Auzitegi Gorenaren ebazpena edozein egunetan jaso dezakeela ohartarazi dute Amurrion
  • 'Alarma gaua' deitu du gaur gauean ANkerkeriari STOP plataformak Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen aurkako Auzitegi Gorenaren ebazpena berehalakoa izan daitekeela ohartarazteko. Egoera honen aurrean elkartasuna antolatzeko deia egin dute.

Aiaraldea @aiaraldea Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko urtarrilaren 21
Argazkia: ANkerkeriari Stop ekimena

Alarmak piztu dituzte gaur gauean Amurrion, Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazte arabarrek Auzitegi Gorenaren ebazpena egun batetik bestera jaso dezaketela ohartarazteko.

Horretarako, sirenak eta argi gorriak piztu dituzte ANkerkeriari STOP plataformako kideek herriko hainbat txokotan, eta dozenaka lagun aritu dira eskuorriak eta pegatinak banatzen, bi gazteen kasua aditzera emateko asmoz.

Plataformak, berehalako ebazpenaren zain egon gabe, antolatzeko deia zabaldu du, bai herri ekimenez prozesuak eragindako gastuei aurre egiteko dinamiketan ekarpena eginez, baita datozen asteetan egingo diren mobilizazio eta egitasmoetan parte hartuz.

Galder eta Aitorren kasua

2019ko otsailean atxilotu zituen Ertzaintzak Barbado eta Zelaia, Auzitegi Nazionalaren aginduz. Sei hilabete egon ziren preso Darocako (Zaragoza) espetxean, 2019ko abuztuan baldintzapean eta epaiketaren zain aske geratu ziren arte. ANkerkeriari STOP herri plataformak bideoa plazaratu du kasuaren nondik norakoak laburbilduz:

Iazko urtarrilean epaitu zituzten bi gazte arabarrak. Jose Perals fiskalak (Altsasuko gazteen kasuko berdinak) 8 urteko espetxe zigorra eta 7 urteko baldintzapeko askatasuna eskatu zuen bi gazteentzat. Angela Murillo izan zen epailea, Bateragune auzia zuzendu zuena.

Murillok lau urteko espetxe zigorra, urte bateko zaintzapeko askatasuna eta 10 urteko inhabilitazioa ezarri zien Barbado eta Zelaiari,  "lehergarriak egiteko elementuak gordetzea" egotzita, Dura herrian topatutako bidoi bat dela eta.