Kataluniako parlamentuak galdeketa egin ahal izateko beharrezko prestakuntzekin jarraitzen du, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Azaroaren 9ko galdeketaren behin-behineko suspentsioa iragarri zuen arren.
Asteazkenean, CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdien aldeko 86 bozekin galdeketaren kontrol batzordea adostu zuten, Vilawebek bere webgunean azaldu duenez. Batzorde hori arduratuko da azaroaren 9ko kontsulta gainbegiratzeaz. Honako hauek dira taldea osatuko duten jurista eta politologoak: Mercè Barceló i Serramalera, Joaquim Brugué Torruella, Alfons González Bondia, Miquel Martin Casals, Marc Marsal Ferret, Jordi Matas eta Benet Salellas Vilar.
PSC, PP eta Ciutadans kontra
Galdeketaren aldeko alderdiek uste dute, kontrol batzordearen eraketa katalanen “eskaera demokratiko” baten aldeko pausoa dela.
PSCk, PPk eta Ciutadansek berriz, ez dute kontrol batzordearen eraketan parte hartuko, haien ustez, Konstituzionalaren aurka joatea litzatekeelako.
Gogorarazi dute Epaitegiek behin behinean bertan behera utzi dutela galdeketen legea eta, beraz, konstituzionalari desobedientzia egitea litzatekeela prozesuarekin aurrera jarraitzea. Gainera, PPk eta Ciutadansek gainerako diputatuei mehatxu egin die konstituzionalari “desobeditzeak” ekar ditzakeen zigorrak gogoraraziz.
Galdeketaren aldeko alderdiek, bozketaren “zilegitasuna” azpimarratu dute eta prest agertu dira galdeketak ekar ditzakeen erantzukizun juridikoei aurre egiteko.