Goierriko Gure Esku Dagok herri kontsultak egingo dituela jakinarazi du GoiBerrik. Bertan irakur daitekeenez, data oraindik zehaztuta ez badago ere, 2016an, egun berean Goierriko 22 herrietan egin asmo dute galdeketa.
Kalkulatzen dutenez, guztira 50.000 bizilagun inguruk edukiko luke parte hartzeko eskubidea. Galdera oraindik zehaztu ez duten arren, adostasunak lortu behar direla diote. "Prozesuak berak aginduko du zein den".
Urratsak eman nahi dituztela eta erabakiak hartzeko bidea egiten lagundu nahi dutela diote erreportajean parte hartu duten kideek.
Ondorengo herriek osatzen dute Goierri eskualdea: Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Urretxu, Segura, Zaldibia, Zegama, Zerain eta Zumarraga.
Ekainaren 21era begira
Gure Esku Dagok ekainaren 21ean ekimen koordinatuak ditu Iruñea, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Baionan. Helburua hautesontzi erraldoiak eginez, euskal herritarrek beren etorkizuna erabaki nahi dutela irudikatzea da.