argia.eus
INPRIMATU
Galdeketa egin arte zezenketak gelditzeko eskatu dute Donostian
  • Donostia Antitaurina Orain plataformak eskatu dio Donostiako Udalari herri galdeketa egin arte zezenketak bertan behera utz ditzala “badaezpada”.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 28a
Donostia Antitaurina Orainek egindako protesta bat.

Ordura arte, Illunbe zezenketak egiteko ez alokatzea edo uztea galdegin dio plataformak Eneko Goia alkateari Udaleko Erregistroaren bidez bidalitako eskaeran.

Plataforma horrek iazko martxoaren 16an aurkeztu zituen galdeketa egiteko behar ziren 10.000 sinadurak. Baina oraindik ez dute galdeketa hori egin, “Udalari eta hiriari arrotz zaizkion kanpoko eragile batzuengatik”. Espainiako Gobernuak geldiarazita dauka galdeketa egiteko baimena, baina plataformaren iritziz, horrek “ez luke baldintzatu behar, de facto, gure Udalaren jarduna”.

Galdeketa gehiegi atzeratzen ari dela uste du plataformak, “guztion nahiaren kontra, Udala barne”. Espainiako Gobernuak martxoaren erdialdean eman behar du erantzuna. Horren ondoren, hiru hilabeteko tartearekin antolatu beharko litzateke galdeketa. Ordurako, aurtengo abuztuko zezenketen antolaketa oso aurreratuta egongo da.