argia.eus
INPRIMATU
Galdakaoko Udala Usansolo desanexionatzeko prozesua moteltzen ari dela salatu dute
  • Usansolo Herria (UH) taldeak prentsaurrekoa eman du, Usansolo Galdakaotik bereizteko 2016an martxan jarritako prozedura Galdakaoko EAJren eta batik bat Ibon Uribe alkatearen jarreragatik geldotzen ari dela salatzeko. Usansoloren mugak zeintzuk diren berresteko bertoko herritarren sinadurak aurkeztu dituzte.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko azaroaren 10a
UHko kideak, bildutako izenpeak Galdakaoko Udaletxean erregistratzen. (Arg.: Usansolo Herria)

2015ean aldatu zuen Bizkaiko Aldundiak herrialdean udal berriak sortzea galarazten zuen foru araua, beren-beregi Usansoloren segregazioa ahalbidetzeko hartutako erabakian. Ondoren martxan jarritako prozedura Batzorde Misto batek bideratu behar du, arauak zehazten duenez: ikerketak eskatu, udal berriaren mugak ezarri…   

UHk azaldu duenez, Batzorde Mistoaz gain Batzorde Parekidea ere sortu zuen Galdakaoko Udalak, “prozesua arintzeko asmoz”. Aitzitik, Ibon Uribe alkatearen jarrerak izapideak moteldu besterik ez du egin UHren esanetan, besteak beste Batzorde Parekidea ez baita bost aldiz baino batu urtebete inguruan, bilerak hamabostero egitea aurreikusita badago ere.

Bilera horietan aurrera jotzeko ekarpen gutxi egitea leporatu dio UHk Galdakaoko EAJri, eta aldiz, Usansoloren mugen gaiarekin “tematzea”, muga horiek berez 1989tik –aurreko desanexio saiakera baten ondorioz– ezarrita badaude ere. “Usansolo ez dela existitzen, ez dakitela zer den errepikatu du behin eta berriro EAJk”, azaldu dute UHko kideek. Bereziki, Usansolo herrigunetik kanpoko zenbait auzo (Labea, Arteta, Lekue, Isisi, Gorosibai) herriari ote dagozkion ezbaian jarri dute jeltzaleek, bertako herritar gehienek 2014an segregazioari buruz egin zen herri galdeketan parte hartu zuten arren.

Hori dela eta, sinadura bilketa egin dute irailean eta urrian, herritarrei galdetuz euren bizilekua Usansolotzat duten ala ez. Erroldatutakoen %75ek parte hartu dute; eta aipatutako auzoei dagokienez, berriz, biztanleen %60k esan du bere bizilekua Usansolo dela. Izenpeak Galdakaoko Udaletxean uzteko baliatu du UHk gaurko agerraldia.

Honenbestez, segregazio prozesua “blokeatzen ez jarraitzeko” eskatu diote EAJri eta Ibon Uribe alkateari.