Astezkenean Ibaizabalen hilotz bat aurkitu zuten, orain jakinarazi dutenez Mohamed El-Bachir jatorri arjeliarreko 17 urteko gaztearena. Arratiako Harrera Sareak eta Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak baieztatu dute adin txikikoa Bizkaiko Foru Aldundiaren ardurapean zegoela, eta gaztearen heriotzak medioetan izandako trataera salatu dute. Ostegunean elkarretaratzea egingo dute Galdakaon, Diputazioari eskatzeko kasua argitu dezala eta konpromisoa hartu dezala adin txikiko guztien zaintza “era arduratsuan” egiteko.
Mohamed El-Bachir 17 urteko gaztearen heriotza arrazakeriatik jorratu dela salatu dute Arratiako Harrera Sareak (AHS) eta Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak (GES), bai instituzioen aldetik, bai hedabideen aldetik. Larunbatean publiko egin zen adin txikiko baten hilotza aurkitu zutela Ibaizabal ibaian, Galdakaon, eta Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi zuen gaztea “behin-behineko babespean” zeukatela, baina ez zegoela haien “ardurapean”, identifikazio paperen faltagatik. Ordea, astelehenean AHSk eta GESek egindako agerraldian ziurtatu dute hori ez dela horrela: “Gazte batek nahiz eta ez izan adina egiaztatzeko dokumenturik, esaten badu adin txikikoa dela eta ez duela heldurik arduradun gisa, Diputazioak zuzenean hartzen du bere gain erantzukizuna eta hura zaintzeko konpromisoa”, argitu du AHSko Laura Ruiz kideak.
Kritikatu dute kasuaren kontakizuna oso lausoa izan dela, eta Bizkaiko Diputazioari eskatu diote argitzeko eta informazioa emateko, El-Bachirrek aitortza izan dezan. Europa Press medioak hasieran eman zuen informazioaren arabera, gaztearen gorpua asteazkenean aurkitu zuten ibaian, urtarrilaren 19an; dirudienez poliziengandik ihesi zebilela hara jauzi egin eta hil egin zen, baina GESeko Mikel Sagarmina kideak zalantza batzuk erantzuteko eskatu die instituzioei: “Mohamed denbora tarte luze batez desagertuta egon baldin bada eta ibaian hilda agertu bada, non daude bera babestu behar zutenak? Norena da ardura? Zergatik desagerpena eta heriotza ez da albiste bihurtzen gorpua agertu eta lau egun pasatu arte?”. Geuria hedabideak bideo honetan bildu ditu ordezkarien adierazpenak.
Mohamed El-Bachirri aitortza egiteko eta haren egoeran dauden gazteei babesa erakusteko elkarretaratzea deitu dute ostegunerako, urtarrilaren 27rako, Galdakaoko plazan. Gainera, Diputazioari eskatuko diote gertaera argitzeko eta babesik gabe dauden gazte etorkinen gaineko zaintza eta ardura beren gain hartzeko.