argia.eus
INPRIMATU
Galdakaoko gaztetxea hustu du Ertzaintzak eta hainbat lagun identifikatu
  • Astearte arratsaldean Ertzaintzak Galdakaoko gaztetxea hustu du eta hainbat lagun identifikatu ditu.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 08a
Ertzaintzaren lerroa Galdakaoko gaztetxe berria hustera joan direnean (argazkia: Galdakaoko gazte asanblada).

Joan den larunbatean okupatu zuten Galdakaon gaztetxe berria, aurretik erretirodun pertsonentzat erabili izan zen eraikin batean sartu ondoren. Lau egunen ondoren, Ertzaintzako agenteak edifizioan sartu, barruan zeuden bi lagun identifikatu eta gaztetxea hustu du.

Agenteen presentzia ikusirik, Galdakaoko gazte asanbladak abisua eman du sare sozialen bidez eta hainbat lagun inguratu dira eraikin okupatura. Horietako bat ere identifikatu du Ertzaintzak, Gedar.eus atariak informatu duenez.

Polizien eta gaztetxearen aldekoen artean tentsio uneren bat ere izan da. Beheko bideioan, gaztetxearen aldekoak eta Ertzainak aurrez aurre ikus daitezke.

Hustuketaren kontrako eltze-jotzea deitu du gazte asanbladak asteazken honetan eta ostegunean berriz, manifestazioa.

2017ko maiatzean Ortuondo gaztetxea izandako eraikina eraitsi zutenetik, Galdakao gaztetxerik gabe zegoen. Gazte asanbladak sare sozialetan adierazi duenez, "desjabetuok ditugun beharrizan ezberdinak asetzera bideratutako espazio bat eraiki" nahi zuten gaztetxe berrian eta horretarako hasi ziren antolatzen aurtengo martxotik.