argia.eus
INPRIMATU
GAL eta BVEren biktimak kalte-ordainik gabe, “ETAren ingurukoak” direlako
  • GAL eta BVE talde parapolizialen biktimei kalte-ordainak emateari utzi dio Espainiako Barne Ministerioak, biktima horiek "ETAren ingurukoak" zirela argudiatuta.

ARGIA @argia 2014ko martxoaren 11
GALek 1983an hil zituen Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren oroitarria.

Laguntzak ukatu izana arbitrario eta legez kanpokotzat jo du Kriminologiaren Euskal Institutuak, Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak eskatuta landu duen txostenean. Biktimen eskubideak urratzen dituela dio, eta "oinarri juridikorik" ez duela.

Bost biktimen kasuak jaso ditu Kriminologia Institutuak, Eusko Legebiltzarrera igorri duen txostenean. Berria egunkariak agiria eskuratu eta han bildutako batzuk plazaratu ditu gaur.

Ignacio Muñagorri Laguia eta Ana Isabel Perez Machio EHUko Zigor Zuzenbideko irakasle eta Kriminologia Institutuko kideek landu dute txostena. Haien arabera, biktimei kalte-ordainak ukatzeko emandako arrazoi juridikoak "konstituzionaltasun ikuspuntutik zalantzazkoak" dira eta "prebarikazio administratibotik gertu" daude.

Agiriak dioenez, Barne Ministerioak Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren txosten ugaritan oinarrituta nahastu ditu zenbait biktima "ETAren inguruarekin". Haien aurkako epai irmorik ez dagoela ohartarazi dute, eta, beraz, "errugabetasun printzipioa urratu" zaiela biktima horiei.

Kriminologia Institutuaren hitzetan, ezin zaizkie ukatu diru laguntzak biktima horiei soilik atxilotuak edo inputatuak egon zirelako, tartean epai irmorik ez bada egon.