Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailak emandako datuek erakusten dutenez, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) gaizki jasotzen duten herritarren artean apenas dago iruzurrik, eta gehien gehienean administrazioaren tramitazio atzerapenek eragindakoak dira. Ordainketa horiek gero itzuli egin ohi dira. 2023an 55 milioi euro ordaindu ziren gaizki modu horretan. Hala eta guztiz ere, zerga iruzurrean egiten dena baino hamar aldiz txikiagoa da kopurua, EAEn iaz 616 milioi euro atzeman zituzten foru ogasunek.
DSBE jasotzen duten herritarrak jo-puntuan jarri izan dituzte zenbait alderdi eta hedabidek, iruzur kasu ugari daudela haizatuta. Baina Eusko Jaurlaritzak emandako azken datuek erakusten dute guztiz kontrakoa dela. Are gehiago, gaizki jasotako errentak administrazioaren erruz dira gehiengo handi batean.
Laura Garrido Alderdi Popularreko Eusko Legebiltzarreko bozeramailearen galdera bati erantzun dio Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ekonomia, Lana eta Enpleguko sailburu Mikel Torresek. Honen arabera, Lanbidek 55,5 milioi euro ordaindu zituen gaizki 2023an –aurreko urtean 28,4 milioi euro izan ziren–. Konparaziorako, iaz zerga iruzurrean soilik, 616 milioi euro atzeman zituzten foru ogasunek.
DSBEren aurrekontu osoa 365 milioi eurokoa izan zen iaz, beste partida batzuetara bideratutakoa baino askoz gutxiago. Segurtasun sailak, esaterako, horren bikoitza gastatzen du bakarrik ertzainentzako: 710 milioi euro.
Pasa den urtean DSBEren lege berria onartzearekin, murrizketez gain, sarrera hori jasotzen duten herritarren gaineko kontrol zorrotzagoak ezarri dira. Gainera, 2022tik Bizitzeko Gutxieneko Diru-Sarrera (BGDS) ere Jaurlaritzaren eskumena izatera pasa da.
Hala, Torresek azaldu duenez, gaizki ordaindutakoen kopuruaren igoera batez ere BGDS eta DSBE batera kobratzeagatik izan da; baina hori ez da izan herritarrek iruzur egin dutelako, baizik eta “pendiente” zeuden BGDS eskaerak ebatzi eta onartu direlako. Alegia atzerapenek, eta ondorioz Lanbideren tramite akatsek, eragin dute duplizitate hori.
“Bidegabeko ordainketak pixkanaka berreskuratzen dira hainbat formularen bidez”, dio kontseilariak bere erantzunean, besteak beste DSBEren nominan konpentsatuta edo borondatezko itzulketekin, eta beraz, “zorrak denboran zehar berreskuratzen dira”.
DSBE gaizki jasotzeko beste arrazoien artean nagusiena (%60) da herritarra lanean hasten dela eta hori komunikatu eta tramitatu bitartean egiten dela azken ordainketa, gero itzuli egiten dena
Eskuina eta hedabideak, irudi desitxuratua haizatzen
DSBE gaizki jasotzeko beste arrazoien artean, nagusiena (%60) da herritarra lanean hasten dela eta hori komunikatu eta tramitatu bitartean egiten dela azken ordainketa, gero itzuli egiten dena. Heriotza, unitate familiarra ez osatzea, familia batean bi lagunek jasotzea diru-sarrera, Araba, Gipuzkoa edo Bizkaitik kanpo bizitzea... eta antzekoek, apenas dute intzidentziarik, %1 baino gutxiago dira.
Hala eta guztiz ere behin baino gehiagotan piztu da eztabaida DSBEren iruzur susmoen inguruan, kasu askotan eskuinak nahita zabalduta kalean zein hedabideetan. PPk azkeneko EAEko hauteskundeetan kontrol neurri gehiago eskatu ditu, baita polizialak ere "iruzurra" saihesteko, eta orain Eusko Legebiltzarrean Garridok egindako galderak ere norabide berean doazela dirudi.
Vocento taldeko egunkariek sakon jorratu dute gaia berriz ere. El Diario Vasco-k bere azalean nabarmendu du "kontrol neurri berriekin" azaleratu den dirua bikoitza dela, eta El Correo-k "iruzurra bikoitza" dela zabaldu du.