argia.eus
INPRIMATU
Gaixotasun larriak dituzten presoen egoera salatu du Sarek
  • Larriki gaixotuta dauden euskal presoen egoera salatzeko, Sarek elkartasunera deitu zuen asteazkenean Euskal Herriko hainbat tokitan; Iruñea, Ordizia, Lekeitio, Etxarri, Beasain eta Itzubaltzetan, besteak beste.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko apirilaren 08a
Iruñako elkarretaratzea. Argazkia: Sare

Osasunaren nazioarteko egunaren harira euskal presoen eskubideen aldeko taldeak egindako elkarretaratzean gaixotasun larriak dituzten euskal presoen egoera salatu eta hauen osasuna “lehenetsi” dezatela eskatu dute. Etxeratek ere eskatu du larriki gaixorik dauden hamazazpi euskal presoan aske uzteko.

Larriki gaixorik dauden euskal presoek bi arazo nagusi dituztela adierazi du Sarek. Alde batetik, ezartzen zaien salbuespenezko espetxe politikak osasunean eragiten die. Hala nola, bakardadeak, zigorraren luzapenak eta urruntze politikak eragin zuzena dutela osasunean adierazi du Sarek. Ohartarazten dutenez, gaixotasunei aurre egiteko aukerak ere murritzagoak dira espetxe barruan. Bestalde, kartzeletan medikuen jarrerak eta baliabide faltak presoen osasunean eragin negatiboak izaten dituztela salatu du Sarek, COVID-19ak egoera hau gehiago okertu duela ohartaraziz. 

Euskal presoen oinarrizko eskubideak errespetatu beharra dagoela azpimarratu dute eta osasuna hauetako bat dela. “Eragile sozial, sindikal eta politiko guztien inplikazioa behar dugu; guztiok parte hartu behar dugu espetxe-politika berezia amaitzeko egin beharreko bidean”, adierazi du euskal presoen eskubideak babesten dituen taldeak.