argia.eus
INPRIMATU
Gaixotasun kutsakorretatik barre-algarara
  • Thomas Beddoes zientzialaria sinetsita zegoen gas terapia iraultzaileak osasungintza aldatuko zuela, baina bere ekarpen bakanetakoa izan zen barrearen gasa. Beharbada, hobe zukeen, gasetan tematu ordez, barrea sakonago ikertu izan balu.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2020ko apirilaren 18a
Eskuinean Thomas Beddoes (1760-1808) eta ezkerrean Humphry Davy (1778-1829). Lehenak gas sendagarriek osasungintza goitik behera aldatuko zutela uste zuen eta, bide horri helduta, bigarrenak barrearen gasa asmatu zuen.

Shifnal (Shropshire, Ingalaterra), 1760ko apirilaren 13a. Thomas Beddoes zientzialaria jaio zen. Medikuntza eta kimika ikasketak egin zituen. Botanista sutsua zen eta ingelesa, frantsesa, alemana, italiera eta gaztelania hitz egiteko gai zen. Beddoes gazteak etorkizun bikaina zuela zirudien, baina, batetik, bere ikuspegi politikoak ingurune akademikoaren gutxiespena ekarriko zion; Frantzia iraultzailearen miresle, britainiar gizartea gogor kritikatu zuen. Bestetik, ziur zegoen gasen inhalazioak gaixotasun kutsakorrak saihesteko eta sendatzeko balio zuela eta, ideia hori obsesio bihurtuta, maiz inora ez eramaten bideei jarraitu zien setatsu.

Ikerketan biltzen ari zen esperientziak erakutsi zion, esaterako, behiekin lan egiten zutenek joera txikiagoa zutela tuberkulosia harrapatzeko. Abiapuntuan bete-betean asmatu zuen; izan ere, behizainen baztangarekiko immunitatea izango zen lehen txertoaren oinarria. Baina behatutakoaren interpretazioan beste bide batetik jo zuen Beddoesek; eta gainera Edward Jenner-en ikerlanekiko eszeptizismoa azaldu zuen. Thomas Beddoesek ondorioztatu zuen tuberkulosia zuten gaixoei mesede egingo ziela ukuiluetako airea arnasteak. 1793an Bristoleko bere klinikako hainbat paziente ukuilua zuen eraikin batera eraman zituen. Pazienteak eta behiak gortina batek bereizten zituen eta tarteka animaliei burua atera arazten zieten, haien hatsak gaixoak senda zitzan. Emaitzak ez ziren terapiaren sortzaileak uste bezain onak izan eta, gainera, hasieratik, komunitate zientifikoak ez zuen metodo berritzailea kontuan hartu.

Baina Beddoes sinetsita zegoen gas terapia iraultzaileak osasungintza aldatuko zuela eta, etorkizunean, etxe guztietan gas sendagaiak askatuko zituen gailu bat egongo zela. Behien esperimentuak arrakastarik izan ez arren, hainbat gasekin esperimentatzen jarraitu zuen; untxiak, katuak eta bere burua erabiltzen zituen horretarako.

1799an Pneumatic Institute sortu zuen, gas terapiaren ikerketan aurrera egiteko. Kontratatu zuen laguntzaileetako bat Humphry Davy 20 urteko gaztea izan zen –gerora, hainbat elementu aurkituta, kimikari ekarpen handia egingo ziona–. Gogo biziz heldu zion gas terapiari eta, Beddoes bezala –baina animalia gaixoak bakean utzita– bere buruarekin esperimentatzen hasi zen berehala. Badirudi behin 4 litro karbono monoxido inhalatu zituela eta, ondorioz, hilzorian egon zela, baina horrek ez zuen kikildu.

1793an Bristoleko bere klinikako hainbat paziente ukuilua zuen eraikin batera eraman zituen. Pazienteak eta behiak gortina batek bereizten zituen eta tarteka animaliei burua atera arazten zieten, haien hatsak gaixoak senda zitzan.

Oxido nitrosoa (N2O) 1772an aurkitu zuen Joseph Priestley kimikariak, baina ez zituen gasaren propietateak ikertu. Humphry Davyk, ordea, ez zuen erreparorik izan oxido nitrosoa sendagai modura erabili ote zitekeen probatzeko. Hauxe idatzi zuen gasaren efektuaz: “Plazer handiko emozioa, bereziki bularrean eta gorputz-adarretan (…) Inguruko objektuen distirak itsutzen ninduen, laborategian eroen moduan dantza eginarazi zidan eta orduz geroztik aldarte ezin alaiagoan nago”. Oxido nitrosoari “barrearen gasa” ere esaten diogu egun.

Euforia eta aluzinazioak alde batera utzita Pneumatic Instituteren helburua gasen erabilera terapeutikoa zen. Gaixotasun kutsakorrak ez zituen sendatzen, Beddoesek nahi bezala, baina oinazea arintzen zuenez, kirurgian erabil zitekeela pentsatu zuen Davyk. Kimikaria bizi artean, ez zuten horretarako erabili. Gerora bai, ordea; XIX. mendearen erdialdean dentistak izan ziren anestesiko modura erabiltzen lehenak. Eta gaur egun, han eta hemen aisialdiko modako droga izateaz gain, anestesiko eta analgesiko gisa erabiltzen da medikuntzan.

Thomas Beddoesen obsesioaren ekarpen bakanetakoa izan zen barrearen gasa. Beharbada, hobe zukeen, gasetan tematu ordez, barrea sakonago ikertu izan balu. Behien hatsak ez du tuberkulosia sendatzen, baina zientifikoki frogatua dago barre egitean antigorputz gehiago sortzen direla eta, hala, sistema immunologikoa indartzen dela.