argia.eus
INPRIMATU
Ipar Euskal Herriko hazleek “sostengu politikoa” eskatu dute gaixotasun hemorragiko epizootikoari aurre egiteko
  • 4.700 etxaldeetatik 1.700 kaltetu ditu eritasunak.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko azaroaren 27a

MHE gaixotasun hemorragiko epizootikoaren auziak aurrera darrai. ELB sindikatuak Ipar Euskal Herriko hautetsiak deitu zituen azaroaren 20an eritasunak eragindako kalteen inguruan hitz egiteko. Departamenduko 4.700 etxaldeetatik 1.700 kaltetu ditu, eta hazleek premiazko eta zuzeneko laguntza aldarrikatu dute krisiari aurre egiteko: “Laguntza xumeak, azkarrak eta zuzenak nahi ditugu”.

Bilkuran parte hartu zuten Alderdi Sozialistako diputatuek, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariordeak eta Pirinio Atlantikoetako senatari Max Brissonen ordezkoak. Ez ziren bertan izan Akitania Berriko eskualdea eta Pirinio Atlantikoetako Departamendua, eta Suprefetak ez zion erantzun hazleen gonbitari. ELBko kide Ugo Arbelbidek adierazi du lehen urratsa “hautetsiak sentsibilizatzea” zela, eta ondoren “beren mailan zer egin dezaketen galdegitea, baita haien sostengu politikoa ere”. Egoeraren aurrean laborariek sentitzen duten “beldurra” helarazi nahi diete hautetsiei. Hala ere, Arbeldibek nabarmendu du ez dutela ezagutzen Laborantza ministro Marc Fesneauk aipatutako laguntza planaren inguruko “datarik eta modalitaterik”.

Testuinguru konplikatua

Egoera larriagotu egin dela gaineratu du ELBko kideak, aldez aurretik zailtasunak izan baitira: lehorteak, animalien elikaduraren kostuan inflazioa eta behien tuberkulosia bezalako osasun-arazoak: “Sentitzen da ontzia gainezka ezartzen duen ur tanta izaten ahal dela, laborari batzuk ofizioa uztera bultzatzen ahal dituena”.