argia.eus
INPRIMATU
Gaixotasun baja hartzeagatik bi emakume langileren kaleratzea salatu dute PRIMARKen
  • PRIMARK multinazionalak bi emakume langile kaleratu ditu Gasteizen gaixotasun baja hartzeagatik. "Potrotaraino nago bajak hartzen dituztenekin, denak pikutara bidaliko ditut", enpresako Giza Baliabideen arduradun Enrique Galegoren hitzak dira. LAB sindikatuak enpresa horretan langileek bizi duten egoera prekarioa eta azken gertakari hau salatzeko ekimena burutu du Gasteizko Boulevard merkatal zentroan

Hala Bedi @halabedi 2016ko abenduaren 16a
LAB sindikatuko kideen protesta Gasteizko Primark barruan (Arg: Hala Bedi)

LAB sindikatuaren arabera, PRIMARKeko langileek «kaleratuak izateko arrisku bizia pairatzen dute baja hartzen badute», eta hori prekarietatearen aurpegi bat baino ez da, eskubideen aldarrikapena eta askatasun sindikala ere mugatzen baititu enpresak. Gainera, «protestatu gabe men egiten ez duten langileen» kontrako jazarpena ere salatu du sindikatuak, langile hauentzat gordetzen baititu PRIMARKek posturik txarrenak eta opor egunak hartzeko trabak. Madrilen CCOO, UGT eta FETICO sindikatuek sinatutako hitzarmen bat aplikatzen da multinazionalean, Arabako Ehungintzaren Merkataritzako Hitzarmen Kolektiboa baino «kaxkarragoa», sindikatuaren arabera.

Azkenik, langile hauen kaleratzea kasualitatea ez dela uste du LAB sindikatuak. Izan ere, enpresa komitearen azken txanpan, hau da, hauteskunde sindikal berrien atarian, aurreko hauteskundeetan LABeko hautagaitza bultzatu zuten langile hauek kaleratu ditu enpresak, konfrontazioa eta borroka sindikala «komitean sartzeko arriskua ez duelako hartu nahi», askatasun sindikalerako eskubidea urratuz.

Protestaren inguruko bideoa osatu du Hala Bideoa taldeak:

Albiste hau Hala Bedik argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.