argia.eus
INPRIMATU
Gaixo diren presoak askatzeko manifestaziora deia egin du Sarek urriaren 15erako Donostian
  • Mobilizazioa 17:00etan aterako da Donostiako Boulevardetik eta, honen bidez, Madril eta Parisko gobernuei euskal preso gaixoak askatzeko dei egingo die Sarek.

ARGIA @argia 2016ko irailaren 30
Gasteizen preso gaixoak askatzeko egindako manifestazio bat. (Arg.: EITB)

Elkarteko Joseba Azkarragak eta Ixiar Arteagak jakinarazi dutenez, manifestazioaren bidez Madrilen eta Parisen entzun ditzaten nahi dute, ez baitute nahi egoerak orain arte bezala jarraitzea: “Ez gaude prest gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten euskal presoen bizitzarekin jolas dezaten”.

Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza instituzionala duten alderdiekin ere ari da biltzen azken asteetan Sare eta horren berri ere eman dute. EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EErekin bildu dira. Alderdien jarrera oso ona izan dela diote eta, haiekin partekatutako hausnarketak kontuan izanda, posible ikusten dute presoen gaiari irtenbide bat emango liokeen bide-orri bat adostea, “horretarako borondate politikoa baldin badago” behintzat. Hautatu berri diren 75 parlamentarietatik 66 bide-orri hori adosten irudikatzen dituztela azpimarratu dute.