argia.eus
INPRIMATU
Gaixo dauden presoak senideekin egotearen alde agertu da Taubira ministro frantziarra
  • Frederique Espagnac Ipar Euskal Herriko senatari sozialistak preso gaixoen hurbilketaren inguruan itaundu du Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroa.

     

Lide Hernando @lidehernando 2013ko apirilaren 26a
Lehenagotik ere, Taubira ez da agertu preso politikoen hurbiltzearen aurka (argazkia: melty.fr)

Taubirak, larri dauden presoak bere senideekin egotea egokitzat jo du, baina ez du haien hurbilketaz ezer esan.

“Prozedura luzea eta konplexua da. Oraindik, presoak espetxean hiltzen dira. Haien bizia arriskuan dagoenean, hurbilekoen ondoan hiltzeko aukera izan behar dute” izan dira ministroak Spagnaci esandako hitzak.

Senatari sozialistak euskal preso politikoen hurbilketari begira “sostengua eta kooperazioa” eskatu zizkion Taubirari, baina honek ez zion inolako erantzunik eman horren inguruan.

Hurbilketaz gain, beste hainbat eskaera egin zituen Espagnacek, hala nola, euskal presoen estatutuan agertzen diren hainbat eskubideri buruzkoak. Euskal Herriak bizi duen aro politiko berriaren aurrean, presoen egoera konpondu beharra dagoela esan du: “modu baketsuan, Errepublikaren oinarrizko printzipioak eta balore humanoak errespetatu behar dira”.

Herrirak egindako irakurketa

Taubiraren adierazpenen irakurketa egin du Herrirak ostegunean. Ministroaren hitzek aurrerapauso bat suposatu arren, Xabier Lopez Peña Parisen “egoera onartezin batean” hil berri dela gogoratu dute, eta hari ez zitzaizkiola euskal presoen estatutuan agertzen diren eskubideak aplikatu.

Espagnacen hitzei babesa erakutsi dio Herrirak. Bestalde, legeak errespetatzeko deia luzatu dio Parisi behin eta berriz: gaixo dauden presoak eta baldintzapean aske gera daitezkeenak askatzeko, eta presoak Euskal Herrira hurbiltzeko eta dispertsioa gelditzeko.