Presoaren bizi itxaropena ez ezik, bizi kalitatea ere kontuan hartuko da aurrerantzean. Irizpide horiek preso guztiei aplikatzeko eskatu dute euskal eragileek.
Mariano Rajoyren gobernuak onartutako 03/2017 instrukzioa, gaitz larriak dituzten presoak aske uzteko baldintzak gogortzen zituena, indargabetu du Pedro Sanchezen gobernuak, Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak baieztatu duenez. Presoen bizi itxaropena zen orain arteko irizpide bakarra, baina aurrerantzean bestelako elementuak ere kontuan hartuko dituzte; besteak beste, presoen bizi kalitatea.
Prestatu berri duten dokumentuak presoen osasuna nola aztertuko den azaltzen du. Medikuek honela sailkatuko dituzte presoak: “hilzorian” ote dagoen, “epe motzera” egoera okertu daitekeen –sei hilabete eta urtebete artean– edo “epe ertainera” arriskua etor litekeen –urtebete eta bost urte artean–. Horrez gain, osasun egoera 0tik 100era puntuatuko dute, 100 normaltasunez bizitzeko modukoa izanik.
Egun, Jaiki Hadi elkarteak emandako datuen arabera, 21 euskal preso daude egoera larrian, gaitz larri edo sendaezinekin. Dena dela, Espainiako Gobernuak hartutako erabaki hau Eduardo Zaplana presoaren osasun egoera larriak –leuzemia du– Espainiako Estatuan zalaparta sortu duenean etorri da. Gobernuko bozeramaile ohi eta Lan Ministro ohiak 2015etik du leuzemia Espainiako hedabideek jakitera eman dutenez, eta 2018ko maiatzetik dago preso, ustelkeria kasuak leporatuta.
“Denentzako balio dezala”
Sarek zuhurtziaz hartu du erabakia, eta Zaplanaren egoerak sortu duen zalaparta dagoela Sanchezen jarrera aldaketaren atzean esan du. Dena dela, begi onez ikusi dute: “Espero dugu urte luzez gaixorik dauden presoen egoera konpontzeko tresna izango dela indargabetze hau, eta ez soilik Zaplanaren kasuari aterabidea ematekoa”. Bestalde, dei egin dute urtarrilaren 12ko mobilizazioetan parte hartzeko.
Jaurlaritzan ere ikuspegi bera dute. Jonan Fernandez Bizikidetza idazkari nagusiak “berdintasun printzipioak” errespetatzeko eskatu du, eta “salbuespenik ez egiteko”. EAJren BBBko buru Itxaso Atutxa ere ildo beretik doa: “Denentzat bete dadila legea”.
Sortuko idazkari Arkaitz Rodriguezek hitza hartu zuen abenduaren 30ean Donostiako Martutene kartzelara eginiko martxan. “Gaitz larriak dituzten presoak askatu behar dira, eta Espainiako Gobernuak espetxe politikan pausoak azkartu behar ditu”, adierazi zuen.