argia.eus
INPRIMATU
Gaixo dagoen Aitzol Gogorza espetxetik atera dute eta zigorra etxean beteko du
  • Oreretarrak 20 urte egin ditu espetxean. Gaixotasun psikiko larriak ditu eta hainbat aldiz eraman behar izan dute ospitalera. Urteak dira Gogorza etxeratzeko eskatuz kanpaina egiten ari direla. Basauriko espetxean zeukaten 2012. urtetik, eta asteartean, Martutenen tramite batzuk egin ostean, Gipuzkoako hiriburuko ospitalera eraman dute.

ARGIA @argia 2019ko apirilaren 02a
Martuteneko espetxe kanpoan Gogorzak eta senideek atera duten argazkia.

Abokatuak adierazi du "erdibideko fase bat" izango dela ospitalekoa eta egun gutxiren buruan etxera eramatea espero dutela. Etxean bete beharko du geratzen zaion zigorra eta pultsera telematikoa eraman beharko du.

Adierazi dutenez, terapiara edo medikuaren kontsultara joateko bakarrik izango du etxetik ateratzeko baimena.

EH Bilduk eskatu du "Gogorza bezala, gaixotasun larriak dituzten presoak espetxetik ateratzeko". Errenteriako presoak zigorra etxean betetzeko erabakia ontzat eman du Julen Arzuagak, eta irizpide bera gaixo dauden gainerako preso guztiei aplikatzeko galdegin du.

Sarek, ohar bidez, jakinarazi du ontzat ematen duela Gogorza etxera eramateko erabakia. "Oreretako herrian eginiko lanketari esker lortu da hau, bereziki herritarrek, eragileek eta instituzioek, Aitzolen gaixotasunaren berri izan orduko eginiko lanari esker". Gaixotasun larriekin beste 20 euskal preso politiko daudela gogoratu dute, eta horiek ere "berandu baino lehen, artatuak izan eta etxeratuak izan daitezen lanean jarraitu beharra" dagoela adierazi dute.

Apirilaren 7an, Nazioarteko Osasunaren Egunean, herrietako zubiak gaixo larrien etxeratzearen alde betetzera deitu du Sarek.