argia.eus
INPRIMATU
Materialismo histerikoa
Gaituzte

Uxue Apaolaza Larrea 2023ko maiatzaren 29a

Hauteskunde kanpainek eta gauek eskaintzen didaten adrenalinaldira pozik murgiltzen naiz aukera dagoen bakoitzean. Sistemak eskaintzen didan kontrolpeko abenturara. Gurean egiten diren hauteskunde guztiei, hala ere, “EAJren autoestima ariketak” esaten nien, grazia gutxiz, gurean hauteskundeak ere, beti berdin amaitzen baitira. “Zergatik sinetsi dut berriro”. Aurten ere horretarako prestatu nintzen. Tiro baten oihartzuna berpiztera zetorren titular batek egin zuen kirrinka.

Tira, ba fokoa beste nonbait jarri beharko nuen, telebista publikoaren funtzioan, esaterako, gure telebista publikoarena. Hauteskunde eztabaidak zenbat, zenbat hizkuntza bakoitzean, euskarazkoak hala ikusi nahi ditugunek merezi dugun mailan egiteko hautagaien gaitasunaz. Indarkeria zantzuak zituen Gasteizen aurkitutako gorpuak. 

Eta bat-batean ez, sondeoak ikusten hasi orduko, hasi dira aiamak, eta lagunen batekin komentarioa “itxaropenaren tortura ere ez digute barkatuko”, “gero, dena berdin geldituko da”.  50 urte zituen Oriokoak. Baina oraingoan ez, EAJ bat-batean ez da mugiezina, zerbait aldatu da, poz kolpe bat sentitu dugu. 32 Gasteizkoak, eta hiru urteko haur batek orduak pasa ditu ama hilaren ondoan. 

Nire pozek, tangoetakoek bezala, gutxi irauten dute, beti daude tragediaren bezperan. Ez gara independenteak, eta urdinez jantzitako Espainiari azken unean baino begiratu ez badiogu ere, hark irents gaitzake laster. Agian uste nuena baino gutxiago aldatu dira gauzak. Eta Espainiak Ayusoren irribarreaz begiratzen digu, Voxen errekonkistarako deiaz. Eta arnasa hartu ezinik amaitu dugu gaua, beldurrak ia bat. Bi hil gaituzte.