Amezketako eta Gaintzako udalek aktak euskara hutsean bidaltzea zilegi dela erabaki du Donostiako Epaitegiak. Horrela, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuko EAEko ordezkariaren helegiteen aurkako epaiak eman ditu epaitegiak.
Epaiak dioenaren arabera, EAEko Euskararen Legeak horretarako eskubidea ematen die Gaintzako eta Amezketako udalei. Hortaz gain, abokatu eta prokuradoreen ordain-sarien kostak ordaintzera zigortu du Espainiako Gobernu Ordezkaritza. Ordezkaritzak epaia errekurritzeko aukera du datozen egunetan.
Udalak erabaki guztiak Espainiako Gobernu Ordezkaritzara bidaltzera derrigortuta daude. Udal batzuek erabaki horiek euskaraz hartzen eta idazten dituzte, eta beraz, gaztelaniara itzuli gabe bidali izan dituzte Gobernu Ordezkaritzara. Urquijok errekerimenduak eta helegiteak ezarri zizkien gaztelaniaz behinik behin ez zituztelako bidaltzen.
40 udal inguruk aktak euskara hutsean bidaltzeagatik errekerimendua edo helegitea jaso zuten. Aktez gain, beste bost gairen inguruan jarriak ditu Urquijok errekerimenduak eta helegiteak. Guztien zerrenda ikusi nahi izanez gero jo Argiak martxoan argitaratu zuen erreportajera.
Hurrengo epaiak nolakoak izango dira?
Gaintzako eta Amezketako udalen aldeko epaia eman izanak ez du esan nahi hemendik aurrerakoak hala izango direnik. Lekeitioko Udalak adibidez, kontrako epaia jaso zuen. Euskararen Legearen anbiguotasuna baliatuta epaileek aldeko edo aurkako epaia eman dezakete, baita auzitegi berekoek ere.
Miren Segurola UEMAko koordinatzailea pozik da albistea entzunda, baina ziurgabetasunaz kexu da: “Albiste pozgarria da oraingoan epaitegietatik heldu dena. Gustura gaude, euskara hutsean bizitzeko eskubidea dugula argi nabarmentzen duelako, baina ezin dugu auzitegi batean haizeak nondik jotzen duen edo epaile batek zer-nolako eguna izan duen zalantzan ibili, kezkaz. Lege-babesa behar dugu, eta ezinbestekoa da EAEko Udal Legea izango denak hori bermatzea eta behin betiko blindatzea euskara hutsean bizi ahal izateko eskubidea”.