Duela zenbait aste irakurri nuen berriak eman zidan gai honi heltzeko bultzada: ETB3-k Ene Kantak taldeak bertan zuen haurrentzako programa ez luzatzeko erabakiak harrituta utzi ninduen, eta ulertu ezinean segitzen dut, halako programa txukuna eta egokia izanik.
Oso oso gutxi ikusten dut telebista azken urteotan, eta ez naiz inondik inora gaian aditua. Baina horrek ez du esan nahi euskarazko telebista publikoaren, eta bereziki ETB1 katearen, bilakaerak eta egungo egoerak kezkatzen edota haserretzen ez nauenik.
Izan ere, bestelako ETB1 ezagutu genuen, duela ez hainbeste, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, euskal telebistaren hasierako urte haietan. Euskararen aldeko apustua egiten zuen telebista, euskarazko edukietan inbertituta, ekoizpen propio ugari eskainita zein atzerriko filmak euskaratuta.
Horren adibide ugari aipatu genitzake: bertan ekoitzitako euskarazko serieak (Bi eta Bat, Jaun ta Jabe, 64, Nire familia eta beste piztia batzuk, Goenkale, Bentaberri…), umorea lantzen zuten programak (Txiskola, TxokoLatex, Funtzioa, Hau da A.U., Wazemank…), musika saioak (Katukale, Ikimilikiliklip, Olentzeroren musikala…), etxeko txikienentzako saioak (SuperBat kluba, Flannery eta bere astokiloak, Barraskilo Boss eta Pantxineta, Hankaz gora, Bilin Bolonka, Txirri Mirri eta Txiribiton, Euskaraokea, Fernando Amezketarra edo Lazkao Txiki marrazki bizidunak…), eguneroko entretenimendu saioak (Bertatik Bertara, Sorginen Laratza…), eztabaida saioak (Firin Faran), nazioarteko filmen estreinaldiak euskaraz eta zine programak (Zine Oro), euskara ikasteko saioak (Bai horixe), futbol, saskibaloi edota eskubaloiko partiden emanaldiak…
ETBren sorrerako, hasierako, xedea euskararen normalizazioan laguntzea zen. Azkenaldian, justu aurkakoa gauzatu dela iruditzen zait
Non geratu zen, ordea, hori dena? Zer gertatu zen bidean? Nola liteke hasierako urte zailenak ondo gainditu ostean, halako gainbehera izatea ondoren? Ez dut uste iritzi kontua denik hau, datuak oso argiak (eta larriak) baitira. Adibide moduan euskaraz emaniko pelikulena izanik argigarriena: 1983-1986 artean, ETB-k pelikula guztiak euskaraz emititzen zituen. Ordutik izugarri aldatu da, baina, egoera. Izan ere, 2023ko abendua eta 2024ko urtarrileko datuak begiratuz gero, euskaraz film bakarra emititu dute eta gazteleraz 86. Eta 2022ko maiatza eta iraila arteko datuak are eta okerragoak dira: gazteleraz 130 filma emititu ziren, eta euskaraz, bakar bat ere ez. “La Noche de…” programa 29 urte doa telebistan, eta ehunka film emititu dira hor. Guzti-guztiak gazteleraz. Datu adierazgarri bezain tristea. Eta ez da joera orokortu bat: Galizian, TVG-ak film denak (%100) galegoz emititzen ditu (PP agintean egonik) eta Katalunian, TV3-k ere pelikula denak katalanez eskaintzen ditu.
ETBren sorrerako, hasierako, xedea euskararen normalizazioan laguntzea zen. Azkenaldian, justu aurkakoa gauzatu dela iruditzen zait:
Euskal edukien eskaintza jaitsiera justifikatu nahian, ikusle kuotak erabili izan dituzte, aitzakia gisa. Argudiatuz kuota txikia duela ETB1-ek. Baina ez dakit zer den lehenago, arrautza edo oiloa… Zeren, agian (ziurrenik), ETB1-eko edukien kalitate zein kantitate murrizketak ekarri baitu ikusle kuota baxua izatea, eta ez alderantziz.
Eta ez da hizkuntza kontu soila, baita erreferentzia nazional edo kulturalei dagokiena ere. Gaur egun, ETBko edukietan askoz presenteago baitago Espainiako Estatuko lekurik urrunena, Ipar Euskal Herriko toki gertuena baino.
Agian, euskal gizartearen bilakaeraren isla soila da ETB1-en aipatu gainbehera? Euskararekiko azkenaldian dugun utzikeriaren, pasibotasunaren ondorio soila? Eta galdera gehiago ere bururatzen zaizkit: audientziek gidatu behar al dute telebista publiko baten apustua? ETBren benetako apustuak izan beharko al luke ETB2-rekin T5 edota A3 bezalakoekin lehiatzea? Zenbateraino da egokia (eta etikoa) zerbitzu publiko bat alderdi baten (interesen) menpeko bilakatzea?
Eta erantzuleei dagokienez, ezin ditugu “baloiak kanpora bota”, ETBren inguruko erabakiak eta zuzendaritza azken lau hamarkadetan EAEko agintean izan diren alderdi politikoen esku egon baitira.
Bada garaia, tristezia handia eragiten duen gainETBehera hau eten eta ETBren egoerari buelta ematen hasteko; ETBren benetako apustua euskarazko eta euskaldun denontzako telebista duin eta sendoa osatzea izateko. Ze gazteleraz, lehendik ere, badaude beste ehunka kate.
Aitor Irigoien Odriozola