argia.eus
INPRIMATU
Gaindegia “eraberritua” jarri nahi dute martxan, Euskal Herri osoko datuak eskaini eta gogoeta eragiteko
  • Bi urtez “hibernatzen” egon ondoren, behategi sozioekonomikoaren aurrera begirako asmoak azaldu dituzte Donostian egindako ekitaldi batean. Adierazleen datu-galeria eguneratu dute oraingoz, eta batzorde akademiko bat sortu nahi dute, gogoeta eskatzen duten gaiez aholkua emateko.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko otsailaren 08a

“Egoera larri bat jasan dugu, bi urtez hibernazioan egon gara”, azaldu du Gaindegiako lehendakari Iñaki Dorronsorok, Donostian, Tabakalerako Kutxa Fundazioaren orube irekian asteazken honetan egindako ekitaldian. Euskal behategi sozioekonomikoak 2021eko ekainaren 30ean eten zuen bere jarduna “zailtasun ekonomikoen ondorioz". Gaindegia “eraberritu” bati hasiera emateko prozesua martxan da, Dorronsorok azaldu duenez, eta duela egun gutxi 2022 urteko txostena (pdf) egin dute publiko.

Xabier Oleagak azpimarratu du argazki nagusia oholtza gainean baino “bestaldean” dagoela, ekitaldira joandako ordezkaritza zabalari erreferentzia eginez

Bada urtebete “boluntario talde batek” trantsizioko zuzendaritza sortu zuela, bost lagunek osatua; orain talde hori eta Gaindegiako bazkidetza bera indartu eta sendotu nahi dituzte. Zuzendaritzan kide gehiago sartu eta unibertsitate munduko adituekin batzorde akademiko “potente bat” sortzea da asmoa, hausnartu eta gogoetatu beharreko gaien inguruan aholkuak eman eta horren ondoren dagozkien txosten estatistikoak egiteko, azaldu du Dorronsorok: “Baina Gaindegia eraberritu honek babesa behar du bideari ekiteko”, gaineratu du.

Hain zuzen, Gaindegiako idazkari Xabier Oleagak azpimarratu du argazki nagusia oholtza gainean baino “bestaldean” dagoela, ekitaldira joandako ordezkaritza zabalari erreferentzia eginez. Donostian izan dira erakunde publiko, sindikatu, fundazio, hedabide eta elkarte askotako kideak. “Zuekin guztiekin kontatu nahi genuke, modu batean edo bestean”, esan die Oleagak, eta jakinarazi du hemendik aurrera aldebiko harremana izan nahi dutela eragile horietako bakoitzarekin, “osasun-krisiaren ondorengo etapa hau hasteko”.

Zazpi lurraldeak aintzat hartuta

Gaindegia 2004an sortu zen Euskal Herriko errealitate sozial eta ekonomikoa nazio ikuspegiz ikertzeko helburuz. “Ez da beste behategi batzuk baino okerragoa, ezta hobea ere, baina lan duina egiten du eta zazpi lurraldeentzako erreferentzia da”, esan du Oleagak.

Mugaren bi aldeetan aritzen diren erakunde eta eragile ugari daudela gogoratu du Gaindegiako idazkariak: Euskaltzaindia, AEK, ikastolak, Euskal Dantzarien Biltzarra, Merkataritza Ganberak... eta mugaz gaindiko politiketan dagoen kezka eta interes gero eta nabarmenagoa azpimarratu du. “Horiek gure eremuetan sartzen dira”, esan du Oleagak.

Erakunde publiko, sindikatu, fundazio, hedabide eta elkarte askotako ordezkaritza izan da ekitaldian (argazkia: Urko Apaolaza / ARGIA)

Adierazleen txostena, “gutxienekoa”

Donostiako ekitaldian 2022 urteko adierazleen txostena aurkeztu dute Gaindegiako arduradunek. Galeriaren bertsio eguneratu bat egin dute publiko joan den astean –Leire Rodriguezek ARGIAn idatzitako artikulu honetan dituzue xehetasun guztiak–, eta oraingoz euskarazko bertsioa bakarrik aurkitu daiteke Gaindegia.eus webgunean.

Galeria horretan gizarte, ekonomia eta demografiari buruzko ohiko atalez gain, ingurumenari buruzko beste atal bat gehitu dute. “Txostenak saltsa sortu du titular inpaktantea duelako”, azaldu du Oleagak. Euskal herritarren berotegi-efektuko gas isurketa mundu mailakoaren batez bestekoaren ia bikoitza dela esaten da bertan.

“Ez da beste behategi batzuk baino okerragoa, ezta hobea ere, baina lan duina egiten du eta zazpi lurraldeentzako erreferentzia da”

Dorronsororen ustez urteko adierazleen galeria hori da “etorkizunean mantendu beharko genukeen gutxienekoa”. Aitortu dute oraingoz ez dutela gaitasunik harago joateko, baina atal eta txosten partzial gehiago argitaratzen joateko asmoa erakutsi dute.

Izan ere, azken helburua argazki sozioekonomikoa eguneratu, datuak eskaini eta eztabaidak eta gogoetak gizarteratzea dela azpimarratu du Gaindegiako lehendakariak, eta batzorde akademikoa eratzeko unibertsitateekin hasitako elkarlanarekin “baikor” daudela esan du.