argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Gaindegia, beharrezko behatokia
  • Euskal Herriko behatoki sozioekonomikoak 17 urteko lana eten du arrazoi ekonomikoengatik. Gaindegia gure herriaren erradiografia ahalik eta osoena eta egiazkoena izateko beharretik sortu zen, eta helburu horiek lehen bezain baliagarriak dira gaur egun ere.

Juan Mari Arregi 2021eko uztailaren 08a

“Gaindegiak, bizi dituen zailtasun ekonomikoen eraginez, behategiko jarduerak eten ditu ekainaren 30arekin. Ondorioz, orduz geroztik ez du eduki berririk sortu edota zabalduko”. Mezu lakoniko horrekin Gaindegiak, Euskal Herriko behatoki sozioekonomikoak 17 urteko lana eten du. Eta arrazoi ekonomikoengatik eman du itxitzat lan hori gainera. Hein batean, proiektuaren alde egin zuten erakundeak, hala nola Gipuzkoako Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta beste batzuk, haien  lurraldeetako muga administratiboak gainditzen zituen behatoki batean hain interesatuta ez egotearen biktima izan da.

Gaindegiak ez luke egoera honetara inoiz iritsi behar. Gure herriaren erradiografia ahalik eta osoena eta egiazkoena izateko beharretik sortu zen, Euskal Herriko errealitatearen ikuspegi partzial eta sarritan okerrak besterik ez baikenituen. Ikuspegi kamuts horren aliaturik onena inposatu diguten lurralde-banaketa politiko administratiboa zen. Hasiera-hasieratik, Gaindegia hesi hori gainditzen saiatu zen, horretarako Euskal Herri osoago baten argazkia izaten lagunduko zuten datu eta analisiak ekarriz, lurralde zatiketaren gainetik. Ekarpen hori eragile sozial zein politikoen eta hedabideen zerbitzura jarri zuen, bakoitzak bere estrategiarako erabili zezan.

Duela 17 urteko helburu horiek lehen bezain baliagarriak dira gaur egun ere. Behatokiaren bazkideek, gizarte-eragileek eta administrazioek gogoeta egin beharko lukete Gaindegiaren etorkizuna berriz ere bideragarri izan dadin. Herri honen zerbitzura dagoen behatoki sozioekonomikoa da, teorian behintzat askok amesten dugun eta bere alde borrokan jarraitzen dugun Euskal Herriaren zerbitzura. Gaur-gaurkoz, Gaindegiak jarraitzen du izaten erakunde nazional beharrezkoa eta ordezkaezina.