argia.eus
INPRIMATU
‘Gailurretan izan gaitun’ erakusketa, Mendi Federazioaren mendeurren-ekitaldien abiapuntua
  • Euskal Herriko Mendi Federazioa sortu zela 100 urte beteko dira maiatzaren 18an, eta urteurrenaren harira hainbat ekimen izango da datozen hilabeteetan. Gailurretan izan gaitun erakusketa ibiltaria da lehenbizikoa, Iruñeko Planetarioan ikusgai dagoena, zeinak biltzen dituen Euskal Herriko emakume alpinista aitzindarien 100 argazki baino gehiago.

Jon Torner Zabala @jtorner 2024ko urtarrilaren 18a
Erakusketako argazkietan ageri diren zenbait emakume eta beste batzuen senideak, Iruñeko Planetarioan / Argazkia: Aitor Karasatorre. Foku

Emakume horien artean daude, besteak beste, 97 urteak beteak dituen Maritxu Sorabilla (bera eta Maria Angeles Ciganda ageri dira erakusketaren kartelean), Paquita Bretos, Maritxu Sorabilla, Trini Cornellana (zazpimilakoa igo zuen Espainiako Estatuko bigarren emakumea), Pilar Ganuza (zortzimilako bat –Cho Oyu– igo zuen lehenbiziko emakume nafarra), Montse Lasterra eta Rosa González. Hogei eskalatzaile, alpinista, mendizale eta eskiatzaileren argazkiak eta haien inguruko informazioa biltzen duten panelak daude ikusgai erakusketan. "Nahi zutena egin ahal izateko oztopo ugari gainditu behar izan zituzten alpinismoaren erreferenteak ageri dira", azaldu du Nafarroako Mendi Federazioko ordezkari eta erakusketaren komisario Ana Diez de Urek: "Feminismoaren hirugarren olatuaren bultzadak eragin handia izan zuen 1980ko hamarkadan, eta hor hasi ziren Miriam Garcia Pascual, Monica Serentil eta beste hainbat. Iraultzailea izan zen belaunaldi hori".

Maria Angeles Ciganda eta Maritxu Sorabilla, Gran Facha mendiaren lepoan, 1950ean / Fermin Aldaz

Erakusketaren inguruko bideoa: Hamaika telebista.

Mendirik garaienetara txangoak

Erakusketa ibiltaria otsailaren 8ra arte izango da Iruñeko Planetarioan, eta ostean Leioan, Ugaon, Donostian eta Elgetan (Mendi Federazioa sortu zen herrian) paratuko dute. Federazioak jakinarazi du 2024ko egutegia beteta dagoela, baina 2025erako eskaerak egin daitezkeela.

Euskal Herriko Mendi Biltzarraren Mendiurrena-ren datozen hitzorduak izango dira Araba eta Bizkaiko mendizale federatuei otsailean eskainiko zaizkien omenaldiak. Martxoaren 16an, bestalde, zazpi lurraldeetako mendizaleen ordezkariek mendirik garaienak igoko dituzte: Gorbeia, Hiru Erregeen Mahaia, Aketegi, Artzamendi, Okabe eta Orhi.

Sortu zenean Mendi Federazioak EAE eta Nafarroa hartzen zituen. 1986an bereizi egin ziren (eskumenak transferitu zirenean autonomia erkidegoetara), baina elkarrekin ari dira urteurrenaren bueltakoak antolatzen.