argia.eus
INPRIMATU
Gailu elektronikoentzako kargagailu bakarra egongo da Europan 2024an
  • Europako Parlamentua eta Europako herrialdeak akordio batera iritsi dira karga-metodo bakarra egon dadin.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko ekainaren 08a

Hamar urte baina gehiagoz egon da Europako Parlamentua kargagailu bakarra erabiltzea bultzatzen. Ekainaren 7an egindako prentsaurrekoan azaldu zuen Alex Agius Saliba Europar Parlamentuko berriemaileak USB-C kargagailua soilik erabiltzea dela 2024ko udazkenerako helburua.

2021eko irailean argitaratutako prentsa ohar batean eman zuten proposamenaren berri. Hasieran akordioaren barruan zeuden ordenagailu portatilak, sakeleko telefonoak, kamera digitalak, bideo-kontsolak eta tabletak. Azkenean, ordea, beste hainbat gailu gehitu dira zerrendara: eReader-ak, miniaurikularrak, teklatuak eta nabigazio sistemak, besteak beste. Europar Parlamentuak esan duenez gailu elektroniko txiki guztiek erabiliko dute USB-C kargagailua.

Kargagailu bakarra erabiltzea bultzatu nahiaren arrazoi nagusia zabor elektronikoa gutxitzea da. Izan ere, Europar Parlamentuaren arabera erabili gabeko eta zaborretara botatako kargagailuek 11.000 tona zabor elektroniko sortzen dute urtero. Horrez gain, beste helburu nagusi bat du Europar Parlamentuak: kontsumitzaileek gailu ezberdinak kable berberarekin kargatzea posible izango dutenez, ditu gutxiago gastatu beharko dute kargagailu berriak erosten gailu berri bat erostean.

'Lightning'

Nahiz eta, enpresa asko jada kargagailu horrekin lanean ibili, badago enpresa handi bat bere kargagailu propioak erabiltzen dituena gehienetan: Apple. Gailu batzuetan USB-C kargagailua erabiltzen badu ere, ordenagailu batzuetan adibidez, bere kargagailu Lightning-ari agur esan beharko dio. Hala eta guztiz ere, maiatzaren erdialdera filtratutako informazioaren arabera, 2023rako USB-C kargagailua duen iPhone bat prestatzen ari da.