argia.eus
INPRIMATU
“Gaiak nondik heldu eta zein tonu eman bilatzen dut”
  • Gorputzaldi nekatuan, “bai baina” batean geratu omen da Agin Laburu BTN22an. Bere firmadun saiorik ez baina lanketa eta bide baten zantzuak utzi ditu, ale ederrekin batera.

Eli Pagola 2022ko azaroaren 21
Agin Laburu Amurrioko saioa bukatu berritan. Argazkia: XDZ.

Bertsolari Txapelketa Nagusian kantatu duzun hirugarren aldia da. Bertsotarako nola harrapatu zaitu?

Bizi fase konplikatu batean. Aurreko urtetan ez bezala, dolu bat bestearen atzetik tokatu zait eta txapelketak triste harrapatu nau. Bertso eskola indar eta motibazio gutxirekin sumatu dut eta, lehen aldiz, neke puntu batekin ekin diot Txapelketari. Aurrekoak gosearekin hartu ditudan bezela, lehen aldiz adina nabaritu dudala esango nuke. Txapelketak aurrera egin ahala, hobeto sentitu naiz baina doluak ez dit utzi ni izaten.

Bertsokeran bilakaera dezentea egin dudalakoan nago. Duela 9 urte Aginek bertsoa errimatik egiten zuen eta konplejua zuen zer esanik ez ote zeukan. Gaur egungoak zer esan gehiago du eta uste dut errimak kendu egiten diola. Horri begirako lanketa egin dut.

Ze harreman duzu publikoarekin?

Adinean aurrera goazen heinean, gure gertukoak familia giroan datoz gehiago, ez koadrila giroan. Alde horretatik sumatu dut beste batzuen aldeko gogo gehiago ote zegoen. Esan behar dut, hala ere, oso harreman ona dudala publikoarekin eta Txapelketa honetan, bereziki Amurrioko azken agurra kantatu nuenean, oso maitatua sentitu nintzela. Uste dut erraztasuna dudala publikoarengana heltzeko, ez dakit zergatik, baina nabari izan dut. Horregatik,  txapelketan, nire buruari bai, baina, entzuleari begira ere kantatzen dut. Ikuskizunaren alde egiteak beti ez dakartza emaitza hobeak baina hori ere aukera bat da eta ez dakit ahalegina eskertzen den edo ez baina estimatua sentitzen naiz.

Egon zen garai bat gure bertsokera asko estimatzen zena eta korrontea alde duzunean errazago da dena. Gipuzkoako lehen finalean korronteak alde harrapatu ninduen, adibidez. Dena ez da korronte kontua, ordea, eta gero bide bat egiten saiatzen ari naiz.

Baduzu joera gaiei beste nonbaitetik heltzekoa, gaiari buelta eman edo lehen kolpean gehienek aukeratuko ez lituzketen bideak aukeratzekoa.

Nahita egiten dudan zerbait da. Lehen aipatutako eboluzioa da, gaiak nondik heldu eta zein tonu eman. Beti ez da ongi ateratzen baina interesgarria da gizarteko beste gai batzuk ateratzen direlako eta beste ertz batzuetara iristeko aukera delako. Gainera, gaia askotan ez da gai-jartzaileak dioena bakarrik, atzean beste gai bat egon daiteke. Beraz, kontzienteki egindakoa da eta rol aukeraketa, beste hainbeste.

Ze ahozapore utzi dizu BTN22k biharamunean?

Txapelketa osoan saio on bat egin ez izanaren garratza geratu zait. Ongi, baina ni ez naiz hau. Ez naiz hozka egiteko moduan aurkitu eta hasi eta buka ofizio bat ez egin izanaren pena geratzen zait, beti aldegin dit zerbaitek. Aurtengo gorputzaldiarekin txispa eta zorroztasun faltan sentitu naiz eta “bai baina” geratu naiz.  Emaitzagatik baino gehiago, ez delako saio bat nire firmarekin joan.

Beste aldera, bakean nago nire buruarekin, momentu honetan, seguru asko, ez nuelako besterik. Hemendik aurrera geratzen zaidana da lehengo Agin berreskuratzea.