Batzuetan ez dakit gehiegi ez ote den. Pipa janean gaudela, beste edozer gauzaz hitz egiten gaudela, gaia ateratzea. Ozen hitz egitea gustatzen zaigu guri, ia isilunerik ez uztea, ahotsak teilakatzea, zeinek handiagoa botatzea. Hitz egitea bakoitzak bereaz, bakoitzak bestearenaz, sareetan ikusi dugun horretaz, telebistako programa horretan esan dutenaz, plazan ireki duten denda berriaz eta itxi duten tabernaz.
Eta beste batzuetan gai gara isil-isilik geratzeko. Gaia ateratzea (gai bat ateratzea), zazpi begi pare zuri begira, ahoak bat-batekoz itxita, inork ez du orain ezer esateko. Bota du norbaitek (bota beharrekoa), gure arazo propio eta indibidualez gain atera du norbaitek handiagoa den arazo hori. “Arazo” deitzeak ere nahikotxo epeltzen du asuntoa, baina beno. Beti gogoratu behar didazu munduan badela ni baino okerrago dagoenik? (niretzat ere izan litekeen galdera). Tabernara sartu da bat beste erronda bat eskatzera, isiltasun hori apurtzeko ahaleginean.
Nahi nuke diskutitu, argumentuak bota eta beharbada iritziz aldatu, baina gutxienez diskutitu
Nagikeria ematen du gauza zailez hitz egiteak, badakit. Egiteko dauden gauzez hitz egiteak berdina bider bi. Etorkizuna posible dela pentsatzeak zer esanik ez, etorkizuna posible bada horren alde lan egin behar omen da eta. Nagikeria ematen du teorian alde zauden horretara hurbiltzeko ezer egiten ez duzula onartzeak, zure buruan segundo bi ere eman ezin dizkiozula. Noiz utzi genion klasean iritzi faxistak zituzten horien kontra hain sutsuki borrokatzeari? Tortilla pintxoak gaurkoan zuen gatz puntuaz hitz egin dezakegu, hobe horrela.
Polizia gehiegi gorrotatu daiteke? Izan zaitezke polizia baten lagun? Joan beharko ginateke berriz McDonaldsera afaltzera? Sartu behar ditugu edalontziak tabernara bueltan? Ondo dago Eroskin lapurtzea? Manifa batera joatea eskatzea gehiegizkoa da? Bidali beharko nuke berri hori watxapeko taldetik? Ez da horrenbestekoa gure auzoan gertatutakoa? Kontraesanak zurito baten modura mahaigaineratu daitezke? Konpondu daiteke mundua mahai baten bueltan?
Ez nuke nahi ongi dagoenaren eta gaizki dagoenaren arteko diktadore izan. Ez dut uste inork baino gehiago dakidanik, gauza gutxi dakit nik. Ez dut egiten ahal nukeen guztia, erdia ere ez (eta ez da pozik egotekoa). Baina gaia ateratzea bada minimoa, beteko dut minimo hori. Nahi nuke diskutitu, argumentuak bota eta beharbada iritziz aldatu, baina gutxienez diskutitu. Nahi nuke bestearen begietan ere inguratzen gaituenarekiko ardura ikusi, elkarren azterketa egunez eta urtebetetzeez arduratzen garen bezain beste. Ez dakit, agian horrela gutxika landatuko dugu elkarren buruetan hazitxo bat, munduak aldaketa beharra du eta.