argia.eus
INPRIMATU
Gaddafik Sarkozy finantzatu zuela diote akusazio berriek
  • Muammar Gaddafi libiar agintari ohiak Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen hauteskunde kanpaina finantzatu zuen 2007an, elkarren arteko bileretan itzultzaile bezala aritu zen Moftah Missouri enbaxadore libiarrak jakinarazi duenez.

ARGIA @argia 2013ko ekainaren 21a
Nicolas Sarkozy eta Muammar Gadafi, artxiboko irudian (Argazkia: Despierta al futuro)

France 2 telebista kateko Complemen d'enquête programan adierazi duenez, 20 milioi dolar inguru (15 milioi euro) jaso zituen Sarkozyk. "Gaddafiren Libian, presidenteak norbaiti dirua eman nahi zionean, ez zen banku-transferentziarik egiten, ez zegoen kontrol burokratikorik, dirua efektiboan ematen zen, maletatxoetan gordeta", azaldu du Missourik.

Gaineratu duenez, Mediapart webguneak 2012an plazaratu zuen dokumentu ofiziala benetakoa da. Libiako Gobernuaren dokumentu horretan Frantziako presidente ohiak 50 milioi euro jaso zituela irakurri daiteke.

Enbaxadore ohiaren testigantzaz eta aipatu dokumentuaz gain, badira diru transferentziak egiazkoak direla dioten lekukotza gehiago: 2011n, emandako dirua itzultzeko eskatu zion "Sarkozy pailazoari" Saif al Islam Gaddafik, Libiako agintari ohiaren semeak. Eta iazko abenduan, Ziad Takieddine armen salerosketan aritutako bitartekariak ere 50 milioi euroko finantzazioaz hitz egin zuen Renaud Van Ruymbeje epailearen aurrean.

Sarkozyk akusazioak ukatu ditu behin eta berriz.