argia.eus
INPRIMATU
Gabriel Korta
  • Aupa lagun: agian ez dut ezer berririk plazaratuko. Alde batetik iruditzen zait nahikoa dela, orain arte plazaratutakoarekin. Ez dago gaizki zazpi liburu plazaratu izana. Berriak dira Kukuaren kukantzak eta zortzigarrenerako daukadan material ineditoa. Beste aldetik, zertarako idatzi; gordetzeko? Baina beldur naiz horrela izan beharko duela oraingoz. Agian aurrerago plazaratuko ditut. Bereziki haurrentzako egindako materiala: Kukuaren kukantzak. Oraingoz idazten jarraituko dut, alosiak nahi badu.

Iñaki Bastarrika Izagirre 2020ko otsailaren 05

Horrela mintzo zaio Gabriel Korta olerkaria, lagun bati, bidali zaharra ez duen gutun labur batean. Ez diot uko egin munduari/ estropezuka baina/ iraultza bat egin dut/ nire baitan. Gabriel Korta Rekarte idazlearen hitzak dira. Baita Egia arimaren truke olerkikoak ere: Eta bidaiaren amaieran ez dago ezer/ zorabio irenskor bat soilik/ zeruan txintxarriak soilik/ zientzia dogmatikoa bihurtzen ari dela/ susmatzen dut// ezezagun bati eman nion nire arima/ egiaren truke/ bi hatz atzeratu nuen txapela/ trukatze ona egin nuela konturatzean// nekatuta nago/ egunero partitzen dudalako bizitzara/ nork zainduko du lorategia?/ hemen utziko ditut nire hezurrak/ urruntzen doan faunoa/ txistulariaren atzetik gorde da lainopean. Olerkaria, bere etxeko bakardadean, idazten ari da beti, astiro, hitz batzuk egunean.

Gizakia: Txokokeriatik haratago/ mundua zabala da/ baina unibertsalak dira gertaerak/ maitasuna adibidez/ eta gorrotoa bera ere bai./Nire txokotik begiratzen dut mundua/ eta dakidan guztia/ bertan ikasi dut./Ez naiz apenas bertatik mugitu/ baina ulertzen ditut atzerritarrak/ sentiberak dira harremanetan./(Laugarrenak lau). Eta maitasunaz ere idatzi behar, jakina, gizakiak ez baitu aski ogia.

Behar dut maitasuna: Maitasunaren erriberan/ finkatutako igerilari nekatu bat naiz/ maitasun zalea/ baina ez meriturik eman/ gogoko dut sentimendu hori/ behar dut maitasuna/ pozik erantzuten diot/ bere deiari./ Maitasunak biziarazten nauelako/ maitasunez bada/ dena erraz eta xamur egiten dut/ gogoz eta ongi./(Laugarrenak lau). Gauzak gogoz eta ongi egitea, ez da gutxi, mundu xelebre honetan. Gaur: Gaur begiratu dena/ begiak zabaldurik;/Miretsi dena,/maitatu bizitzaren miraria. Maitatu, maitatu, maitatu, ai, ai, ai.

Iraileko maitasun laburra: Ekialdeko lorea:/ ez lotsatu!/ Zugan aurkitu baitut irailean,/ abuztuak ukatu zidana./ Ilunaren zulotik nator;/ gura itotzen duten lekuetatik…/ Abes beza karnabak…!/ Hegapean gorde dezala/ musu honen sekretua…/ Egunsentiak nekea zekarren;/ eguna, eguna jaso beharra./…Zenbat pentsamendu zeuden,/ kaiatik zetorren musikan?/ Itsasoak borobiltzen zuen/ uhinen azken taupada;/aparra sortuz. (Harri hautsiak). Bizitzan ditugun kontraesanei buruz badauka zerbait esateko: Bi zati ditu bizitzak, hori nabarmena da niretzat. Kontraesan konstante bat: baietza eta ezetza, ezkortasuna eta baikortasuna... Ez gara gauza bat bakarrik. Adibidez, ni bakartia naiz, baina jendearekin egotea izugarri gustatzen zait. Ez naiz bakartia soilik. Adibidez, infinituan pentsatzen dudanean iruditzen zait hain gauza handia eta izugarria... jaungoikoaren galdera hor geratzen zaidala. Zeruari, adibidez, laguntza eskatu izan diot. (Hitza egunkarian). Olerkaria, han eta hemen ibili ondoren, badirudi beti itzultzen dela maitasunera.

Maitatu: Ez dakit nola/ baina maitatu/ (gauza konplexua maitasunarena)/ bizitza bezala/ Maitasunak badu bere lurra/ bere ilargia/ hemen munduan/ maitasunaren hiztegiak/ denentzako dauka zerbait/ maitasuna da indar handiena/ maitasuna/ maitasunak dauka/ gauza eder bat/ indar berezi bat/ maitasuna deitzen dena/ bihotz betea/ bera da maitasun gorena/ bihotz on bat harreman berezi bat da/ maitatzen gaituztenentzat da txapela/ Oi! Zorioneko maitasun/ egunero behar dugun indarra/ maitasunaren indarra/ (Maitasunaren indarra). Berria egunkaritik atera dugu honako atal hau: “Ez dut gogoko lehia; poesia ez da kirola. Nik ez dakit zer den poeta izatea”, dio Gabriel Kortak Elurra galtza motzetan liburu berriko azken poeman, eta gisa honetan jarraitzen du aurrerago: “Nik ez dakit zer den poesia, baina gertatu egiten da, eta esaten dut: hau poesia da”. Gizarte-auzia maiz agertzen du idazlanetan:

Munduaren egoera: Munduaren egoerak, urratzen dit bihotza; ez da nire gogoa, baina errealitatea gogorra da. Baikorra izan nahi nuke… Jakin nahi dut, nora garamatzazuen! Nik itzuli nahi dut pikondoaren gerizpera, Epikuroren lorategira. Estigmak askatasuna murrizten du, harreman ezin ikusizkoak bihurtzen. Baina nire zokolutik diot: ezin dudala saihestu, munduaren egoera. Also sprach Gabriel Korta Rekarte.

Iñaki Bastarrika Izagirre
Kazetaria eta Gabriel Kortaren laguna