argia.eus
INPRIMATU
Gabriel Arestiren ‘Harri eta herri’ gaur 50 urte plazaratu zen
  • 1964ko maiatzaren 14an argitaratu zen Gabriel Arestiren Harri eta herri liburua, Kuliska Sorta bilduman, Zarauzko Itxaropenak inprimatua.

ARGIA @argia 2014ko maiatzaren 14a
Bilbon jaio zen Gabriel Aresti (1933 - 1975)

Argitalpena 972 alekoa izan zen; horietatik 480 harpidedunei bidali zitzaizkien, 80 hartu zituen idazleak, 29 zentsurara eta lege gordailura eta liburutegietara eraman zituzten, eta gainerakoak dendetara zabaldu ziren, Susa argitaletxearen Literatur Emailuak albiste buletinak jaso duenez.

Profeta bati izeneko poeman Arestik berak argi azaltzen du bere poetikaren ardatzetako bat: "Nire poesia oso merkea da, herriaren ahotik hartu nuen debalde, eta debalde ematen diot herriaren belarriari". Literatur Emailuetan irakur daitekeen moduan, Harri eta herri liburuak zalaparta sortu zuen, Zeruko ARGIA astekariaren ekaineko eta uztaileko artikuluak lekuko.

Irailaren 19an, Donostiako Udal Liburutegian egindako hitzaldian Arestik Egia bat esateagatik eta Nire aitaren etxea poemak irakurri zituen, Patxi Mujikaren grabazioari esker jasoak izan direnak.

Liburuaren lehen edizioari Juan San Martinek egin zion hitzaurrea, eta 2000. urtean egindako edizio berrian Koldo Izagirrek idatzi zuen sarrera.

Mahai-inguru sorta Bilbon

Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatuta, Harri eta herri liburuari buruzko hitzaldiak egiten ari dira Euskaltzaindiaren egoitzan. Atzo, asteartez, Anjel Lertxundi eta Kirmen Uribe idazleak aritu ziren solasean, gaur Karmelo Landa eta Jon Juaristi izango dira, eta bihar Aurelia Arkotxa eta Itxaro Borda.

Bestalde, liburuaren irakurketa jarraitua antolatu du euskaltegiak hilaren 22rako, Arriaga antzokian.