Bilbo Zaharra euskaltegiaren ahaleginez antolatzen den Forum ekimenak Gabriel Arestiren Harri eta Herri hartu du gai nagusitzat aurtengoan. Iaz Bernardo Atxagarren Obabakoak obrarekin egin bezala, edizio honetan Arestiren obra enblematikoa irakurriko da, jendaurrean eta etenik gabe, bere estreinako argitalpenaren 50. urteurrena betetzen den honetan.
Ohikoa denez, halaber, irakurraldi publikoari testuinguru jantzia emango zaio aurretik, gaurtik hasita. 19:00etan, Amaia Lasa arituko da poesiaz eta bestez. Ondoren, Itziar Lakaren hitzaldiari egingo zaio tartea, eta Aresti euskaldun berri izenburupean arituko da. Hizkuntzalaritza teorikoa eta psikolinguistika esperimentala uztartuko ditu Lakak, euskara eta elebitasunari buruz jarduteko.
Azaroaren 20an, 19:00etan, hitzaldi-errezitaldia eskainiko du Xabier Amurizak. Arestiren kopla eta bertso sorta batzuk kantatuko ditu Amurizak, eta haren estiloari, ideiei eta teknikari buruz zenbait iruzkin egingo ditu.
Azaroaren 21ean, ordu berean, Koldo Izagirreren Zorrotzako portuaren errealismoa hitzaldiak hartuko du erreleboa. “Arestik poesia mailu bat dela esateko ausardia ukan zuen. Estreinakoz jarri zen euskal poesia poesiari buruz hausnarrean. Harri eta Herri, liburu fundazional guztiak bezala, ikur bilakatu zen”. Koldo Izagirreren ostean, Joseba Tapia trikitilaria arituko da.
- Gabrile Arestiren Harri eta Herri on-line, Susaren webgunean.