argia.eus
INPRIMATU
Gabriel Arestiren argitaratu gabeko olerki bat eskuratu du Jon Kortazarrek
  • Urriaren 14an 91 urte bete dira bilbotar idazlea jaio zenetik. Errota gorria poema eta idazleak dedikaturiko argazki bat Jon Kortazar EHUko katedradunaren esku utzi ditu Zubiri Moragues familiak. Orain arte ezezaguna zen olerkia laster argitaratuko dutela ziurtatu du katedradunak.

Julene Flamarique 2024ko urriaren 15

Euskal poesiaren erreferenteetako bat den Gabriel Arestiren argitaratu gabeko poema bat topatu dute, eta idazlearen biografo nahiz Euskal Herriko Unibertsitatean Literaturan Katedraduna den Jon Kortazarren esku utzi. Olerkiak Errota gorria du izena eta 1955. urtean idatzi zuen Arestik.

Kortazarrek El Correo-n berri eman duenez, Bilboko Zubiri Moragues familiaren artxibo batean aurkitu dute, eta familiako Jon Bernat Zubiri EHUko Ekonomia doktorearen bidez eskuratu du Kortazarrek. Antza denez, idazleak Osane Zubiri Otazuari idatzi zion olerkia, Kortazarren ustetan bien arteko harreman bat egon zela-eta. Poetak 20 urte zituenean ezagutu zuen Zubiri, 1953an, lagunek antolatutako txango batean Aizkorrin, eta bi urte geroago Errota gorria dedikatu zion. Kortazarrek baieztatu du adituek poema ikertu bezain laster argitara emango dutela. Naizek jaso duenez, katedradunak lehenengo estrofak jakinarazi ditu: “Nire laguna,/ errota gorrian,/ eiozu astiro/ nire maitasuna”.

Aresti gogora ekartzeko ekitaldi bi ospatu ziren astelehenean, jaiotzaren urteurren egunean, Bilbon. Harri eta herri obran funtsatutako errezitaldia Bidebarrieta liburutegian, eta "Arestian egun...! Musika, bertsoak eta olerkiak" ikuskizuna EHUren Bizkaia Aretoan.

Arestiren beste bi soneto

2022an ezezagunak ziren idazlearen beste bi soneto atera ziren argira. Gaztelaniaz idatzitako olerkiak ziren, eta erlijio liburu batean topatu zituzten. 1953. urteko otsailean Gabriel María A. S.k sinatuak ziren biak.