Gabonetan “mahaian sionistarik ez esertzeko” galdegin du taldeak. Boikotaren eraginez, supermerkatu kate frantziarrak behera egin du salmentetan, eta berriki Jordanian saltokiak itxi ditu.
Euskal Herriko BDZ taldeak –Israeli Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak– mobilizazioak antolatu ditu abenduaren 7an, Oiartzun, Olaberrian, Bilbon eta Iruñean Carrefourren aurka, “Israelekin dituen hitzarmen eta harreman ekonomikoak” direla-eta. Nazioarteko BDZ mugimenduak jomugan jarri ditu Carrefour, McDonald's, Starbucks, Puma, Axa, Siemens eta HP enpresak, besteak beste, boikot ekonomikorako kanpaina estrategikoak garatzeko, eta oraingoa "Gabonetan ez eseri sionistarik zure mahaian" lelopean egingo dute.
2022an Carrefourrek akordioa sinatu zuen Zisjordaniako kolonietan aritzen diren Electra Consumer Products eta Yenot Bitan enpresekin, multinazional frantziarra ere Palestinako lurren okupazioaren parte bilakatuta. Gainera, Israelgo Carrefourrek Gazako genozidioa babestu izan du han parte hartzen ari diren soldadu sionistei opariak bidaliz
Aurtengo maiatzean Arrasateko BDZ taldeak israeldar jatorriko produktu bat kentzea lortu zuen herriko Douglas lurrindegitik, zehazki Alma-K markako Itsaso Hileko gatz mineralak. Urrian, talde berak Musakolako Eroskiak eta Alcampok Israelen ekoitziak diren datilak ken zitzaten lortu zuen, baita Eroskiko Garden Gourmet markako produktu bat ere. Taldeak “garaipen garrantzitsutzat” jo zuen berria.