argia.eus
INPRIMATU
Gabiriak igandean jai eredu berria abiatuko du
  • Mugimendua elkartzea eta bizirik daudela aldarrikatzea izango ditu helburu eta diru etekinei uko eginik neurriz txikitzearen alde egin du apustu.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2015eko ekainaren 11
Iazko Bidania-Goiazko festan, Gabiriako kideak aurtengoa antolatzeko testigua jasotzen.

28. urtez elkartuko dira Gipuzkoako 26 eskola txikietako kideak (1.233 ikasle eta 741 etxe) igandean. Gabiriako eskolak (eraikuntzak berak ere bai) 102 urte ditu eta betidanik izan dute bertan Lehen Hezkuntza amaitu arte ikasteko aukera. Eskolako zuzendari Ane Miren Aizpuruk adierazi digunez: "Bere bilakaeran era guztietako garaiak izan ditu. Urte askoan 25 ikasleren bueltan ibili zen, beste bolada batean 50era igoa egon zen, eta egun 38 ikasle dauzkagu, 2tik 12 urtera artekoak". Herriak berak 495 biztanle ditu, eta hauetatik 130 igandean lanean ariko direla ziurtatu digu: "Festaren motorra guraso elkartea izan da, eta irakasleon laguntza izan du. Eguna gerturatu ahala, herritarrak batu dira antolaketako lantaldetara: horietako asko ikasle ohiak eta guraso ohiak dira". Izan ere, eskolak herriari asko ematen diola kontziente dira: "Herriari bizia ematen dio, etorkizuneko herritarrak hezteko lekua da, eta bertako ikasleak umetatik euren herria bizitzen dute".

0 kilometro, kalitatezko bizimodua eta euskara

Festaren oinarriak biltzen dituen txostenak azaltzen duenez, Eskola Txikiak landa eremu euskaldunetan sortu eta mantentzen dira, herri eta auzo txikietan. Hezkuntza premiei bertan erantzuteko jartzen dira, inora desplazatu beharrik izan gabe, eta konpromiso horrek eguneroko lanean lotzen du ikas komunitatea osorik: Udala, guraso, irakasle eta eskolako beste langileak. Landa eremu eta giro euskaldunean kalitatezko bizimodu eta hezkuntza izateaz gain, euskararen ezagutza aberatsa zabaltzen da eta egunerokotasunerako instrumentu egokia da.

Lanbideak eta bertako jokoak, aurtengo festaren berezitasun

10:30etan emango zaio hasiera festari, plazan. Horren ostean, haurrek lau gunetan hartuko dute parte jolasetan, herrika multzokatuta. Ohiko puzgarri eta aurpegi margoketari, herriko berezitasun diren bi ekintza gehitu dizkiete gabiriarrek; bola eta toka jokoa, eta lanbideak: abarkagintza, saskigintza, buztingintza, burdingintza (ferratzea), landaretza... ezagutzeko aukera izango dugu igandean. Arratsaldean zirku emanaldiak jarriko du saltsa eta amaiera apar festarekin eta "Salda badago" musika taldearekin emango zaio.

Festa eredua: "Txikitasunean handi"

28 urteotako festaren bilakaera landu du Gipuzkoako Eskola Txikien Koordinakundeak. Gogoeta horren emaitza eta froga izango da aurtengo Gabiriakoa. Bertako zuzendari Ane Miren Aizpuruk azaldu digunez: "Festa antolatzeak lan handia dakar eta herri txikiak gara. Beste eskola festa handien eraginez, azken urteetan jai jendetsu-handietara jo izan da. Baina gu txikiak gara eta beste mota batekoa egitea dagokigu. Diru etekinak albora utzi eta helburuak argi edukitzea, eta helburua elkartzea eta bizirik gaudela aldarrikatzea da".