argia.eus
INPRIMATU
Gabi Darasperen absoluzioa galdegiteko manifestazioa egingo dute Baionan
  • Amnistia osoa eta Gabi Daraspe Mugimendu Sozialistako militantearen absoluzioa eskatzeko manifestazioa egingo dute ostiralean 19:00etan Baionan.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 03a

Maiatzaren 26an Itziarren atxiloturiko Gabi Daraspe Mugimendu Sozialistako militante urruñarra ekainaren 1ean utzi zuten aske, Martuteneko kartzelan sei egun pasatu ostean, 2018ko kondena berriz etetea onartu baitzuen epaileak. Ikasle greba bateko gertakariak zirela-eta jarri zioten zigorra 2018an.

Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak haren askatasuna eskatzeko deitutako manifestazioa mantendu du, haien ustez mobilizatzeko arrazoiak ez baitira aldatu. Izan ere, gazte urruñarraren aurkako bi auzi zabalik daudela gogorarazi dute, eta biek dutela jardun politikoarekin lotura. Ostiralean 19:00etan abiatuko da manifestazioa, Baionako San Andres plazatik.

Manifestazioaren deitzaileek salatu dutenez, “krisi kapitalista garaian indar errepresiboak azkartzeari ekin dio estatu kapitalistak, mobilizatzeko eta politika egiteko askatasuna murriztuz". Darasperen absoluzioaz gain, lan politikorako baldintzen defentsa eta amnistia osoa galdegingo dituzte Lapurdiko hiriburuko manifestazioan.