Ostiralean, indarkeria matxistaren aurkako egunean, 140 emakumek Portugaletetik Bilboko Itsas Museorako bidea egingo dute, itsasadarretik, Txinbito gabarran. Egitasmoaren sustatzaile A Plataformaren helburuetako bat da “erakundeetatik bertatik genero-diskriminazioa eragiteko dauden mekanismo subliminalak” agerian uztea.
Emakumeen lorpenak ez aitortzea ere “indarkeria estrukturala” dela diote kulturaren esparruan diharduten A plataformako kideek. Zentzu horretan, “lorpenak aitortzeko ikur bat delako” izango da abenduaren 25eko protagonista gabarra, gizonezkoen Athletic futbol taldearen ospakizunak gogoan. Hain justu, aurten zeresan franko eman du gabarrak, pasa den denboraldian Athletic-eko neskek Liga irabazi zuten arren, ospakizunen baitan itsasadarrean barrurako ibilaldia ez sartzea erabaki zuelako klubak.
“Historikoki emakumeok tiraka ibili gara, gizartearen pisu astuna arrastaka eramanez: indarkeria, desberdintasuna, ikusezintasuna, diskriminazioa eta abar”, dio kolektiboak, ekimenaren nondik norakoak jaso dituzten dossier zabalean. “Horregatik, 2016ko azaroaren 25ean gabarra sinboliko bat pleitatuko dugu: Txinbito. Eta hantxe joango gara, itsasadarretik, hainbat esparrutan (kirolean, kulturan, arlo sozialean...) garaile garen 140 emakume”.
“Berdintasunaren partidan, txartel gorria”
18:00etan abiatuko da gabarra Portugaleteko portutik (Kanilla pasealekua). 1.500 txartel gorri banatuko dituzte herritarren artean: “Batetik, A plataformaren egitekoa da berdintasun legeak betetzen diren ala ez aztertzea, hau da, arbitro gisa aritzen gara; bestetik, gabarra aukeratu dugu gure ekintzaren protagonista bezala. Bi gaiek futbola dakartenez gogora, metafora hau erabiliko dugu: Berdintasunaren partidan, txartel gorria”. 18:30ak aldera helduko dira Bilboko Itsas Museora, eta handik indarkeria matxistaren kontrako manifestazioraino joango dira oinez.
Azaroak 25, indarkeria matxistaren aurkako eguna
Euskal Herriko mugimendu feministak deituta, manifestazioak egingo dira hilaren 25ean Euskal Herriko txoko desberdinetan, Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean tartean, hauek guztiak arratsaldez.
Bestalde, azaroaren 25ari begira, Euskal Herriko Bilgune Feministak "Ikusi makusi, zer ikusi? Haurren kontrako indarkeria patriarkalik ez" kanpaina jarri du abian. Ekimen hori abiapuntu gisa hartuta, erreportajea plazaratu dugu aste honetako ARGIAn, Familia, isiltasun gotorleku izenburupean. Bilgune Feministako kide Saioa Iraolari eta biktimekin esku hartzen duen Eraikiz elkarteko Aitziber Bañuelosi egindako elkarrizketak aurkituko dituzue bertan.