argia.eus
INPRIMATU
Gabadi, Domintxine eta Barkoxeko baserrietako ahate eta oiloak ez dituzte hilko
  • Zaintza sanitario pean ezarri dituzte Gabadi, Domintxine eta Barkoxeko oilo eta ahate sanoak  eta honenbestez hiltze agindua bazter utzi dute behin betiko, ELB sindikatuak jakinarazi duenez. "Sentsu ona garaile izan da azkenean".

ARGIA @argia 2017ko apirilaren 26a
Poliziaren sarrera oztopatu zuten herritarrek. (Argazkia: Andoni Lizeaga)

Hiru etxaldeetan prefetaren aginduak eskuratu berri dituzte, eta ELB sindikatuak eskatzen zuen bezala, zaintze sanitario pean jartzen ditu. Proposamen hau kuadro legalean sartzen da eta analisiak egin beharko dituzte hazleek, 21 egunetarik behin, lehena apirilaren 26 asteazkenean hasita.

"Zuzendu nahi ginuke ere FDSEA eta JAk hedabideetan errepikatzen dituzten gezurrak, sinetsaraziz Gabadin, Domintxinen eta Barkoxen hiltzea ez eginez beste ehunka hazleen etxalde husteak berantarazten dituztela: hori ez da batere egia, etxalde hustea manatzen duen agiria biziki argi da, maiatzaren 29an hazle guziak berriz lanean hasten ahalko dira eta gaurregun etxalde batzutan ono kabalak izaitea agiriak barnatua den posibilitate bat da. Ekintza kolektibo eredugarri baten zikintzeko, xuxenak ez diren gauzen hedatzea baizik ez zaie gelditzen bi sindikat haueri", salatu dute.

Administrazioak "mendekatzeko arma guztiak" erabiliko dituela uste dute ELBko kideek. "Mobilisazio kolektibo, anitza eta kartsuak baitako zinez aterabide onargarria ekarri afera huni, argumentu sanitario azkarrak eskutan ukanez. Hala ere hiru etxaldeetan eskuratu agirien idazteko manerak, analisen gastu ikaragarriek eta DDPPk duen jarrera kasu, (bisita sanitario izigarri bortitza atzo Bernadette Prebenderen etxean)". Halako jarrerarik errepikatuko balitz, ez dutela onartuko adierazi dute.

Adierazi dutenez, azken asteetako borrokak erakutsi du jendea ez dela bakarrik mobilizatu ahate eta oilo sanoak salbatzeko, baizik eta "kalitatezko laborantza eta kalitatezko janaria sustengatzeko, modelo industrialen ondorio kaltegarrien kontra eta podere publikoen gogortasunaren kontra, hauek interes berdinak zerbitzatzen baitituzte, konzienteki ala ez". Manifestalarien aniztasunak horren froga gisa ikusten dute.

"Ondoko borroka dugu etxaldeen arriskuen araberako biosekuritate normak onartaraztea, gaurregungo neurriak etxe hazkuntzen eta kanpoko hazkuntzen suntsitzeko tresnak baizik ez baitira", jakinarazi dute.