250 pertsona inguru batu ziren atzo Mosku plazan, Irunen, "G7-ko atxilotuak askatu. Zuen mundua zulatzern jarraituko dugu" lelopean. G7ko gailurrak iraun duen bitartean, Bidasoaldean eta Ipar Euskal Herrian izandako "basakeria militarista eta autoritarioa" salatu zuten: presentzia polizial eta militarra, atxiloketak, kontrolak, zerrenda beltzak eta bidegabeko atxiloketak, isunak... Horregatik, oraindik atxilotuta jarraitzen duten manifestarien askatasuna eskatu zuten; baita ezarritako salbuespenezko neurriekin amaitzea ere.
Balorazio positiboetarako tartea ere izan zen. Azken asteetan zehar herritarren artean aurrera eramandako "auzolan erraldoia" balioan jarri nahi izan dute. G7aren munduari salaketa zein eraikuntza klabeetan erantzun dutela adierazi zuten eta eskerrak eman zuten eskualdeko herritarrek egindako lan handiagatik: 80 txandatik gora betetzeagatik, eskualdean kontragailurraren aurrelanketa egiteagatik, 34 pertsona etxean hartzeko bolondres sarea osatzeagatik...
Amaitzeko, lanean jarraitzeko deia egin zuten plataformako kideek: "G7a ez da gaur bukatzen inondik inora". Salaketa zein alternatiben eraikuntza dinamiketan lan egiten jarraitzeko konppromisoa adierazi zuten.
Ertzaintzaren furgoiak eta bi identifikatu
Bidasoaldeko G7 EZ plataformako kideek jakinarazi dutenaren arabera, Ertzaintzaren 8-10 furgoi inguru gerturatu ziren Moskuko plazara. Antolatzaileek notifikatutako elkarretaratzea zela azaldu zieten poliziei eta agenteak bertan egon ziren egiaztapenak egiten. Bi pertsona identifikatu zituzten.