Aurten munduko zazpi herrialde aberatsenetako buruzagiak bilduko dituen G7 gailurra Miarritzen izango dela eta, G7EZ! plataformatik hainbat ekimen antolatu dituzte asteburuan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.
Iruñean hasi da aldarrikapen eguna. Goizeko 10:30ean San Frantzisko plazan elkartu dira G7 gailurraren eta bere ondorioen inguruko eztabaida eta hausnarketarako tarte bat hartzeko. Lehen orduan gaien arabera, lau espaziotan banatu dira bertaratutakoak. Ondoren Jaume Osete, Rebel·lío kolektiboko kideak klima larrialdiari buruzko hitzaldia eman du.
Gasteizen kalejira egin dute alde zaharreko kaleetan zehar. Tartean freestyle poteoa ere egin dute, eta G7 gailurraren aurkako argazki masiboarekin eman diete amaiera ekimenari.
Bilbon aldiz, 12:30ean elkartu dira Merkel, Trump eta gainerako G7ko buruzagiak, hirian zehar argazkiak ateratzeko. Atzetik hamarnaka lagunek manifestazioa egin dute gailurraren aurka.
Azkenik, arratsaldean manifestazioa egin dute Donostian, "Gipuzkoarrok G7ari EZ!" lemapean.
Miarritzera joateko deia
Euskal Herriko G7EZ! plataformatik uztailaren 13an Miarritzen egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute. Halaber, abuztuaren 21etik 23ra egingo den kontragailurrean parte partzeko dei ere egin dute. Abuztuaren 24rako, aldiz, Irundik Hendaiara manifestazioa antolatu dute, eta abuztuaren 25ean gailurraren aurkako protestak deitu dituzte.
Plataformak kontragailurra antolatzeko jasan dituzten trabak ere salatu dituzte, eta G7aren aurrean Euskal Herrian beste mundu bat eraikitzeko deia egin dute.