Miguel Angel Llamasek Naiz-en argitaratutako Reflexiones tras el G7 artikulua irakurri eta gero, ezin izan diogu erantzuteko gogoari eutsi. Gogo hau ez datorkigu gure iritziarekin bat egiten ez duen orori erantzun behar zaiola uste dugulako, baizik eta Sortutik aspaldi zabaltzen ari diren zenbait ideia jasotzen dituela eta, horretaz gain, beste sektore batzuk kriminalizatzeko saiakera jasotzen duela uste dugulako.
Hasteko azalduko dizugu zein den sozialdemokraziaren papera Herri Mugimenduarekiko eta, hauek existitzen direnean, adierazpen iraultzaileekiko. Ez dizugu ez dakizun ezer azalduko suposatzen dugulako beste garai batean zuk ere sozialdemokraten jarrera kritikatu duzula, izan ere kapitalismoaren gailur ezberdinen aurkako protestak ezer ezean uzten saiatzeko funtzioa betetzen baitute aspalditik, denok, zu barne, “superirualtzaileen” zaku berean sartzen gintuzten garai haietan ere.
Sozialdemokraziaren papera Herri Mugimendua desaktibatzea eta zapaltzen gaituztenen legediaren esparrutik inor ez ateratzea da. Horretarako Herri Mugimenduaren esparru naturalak okupatzen, kontrolatzen, bere mezuak bereganatzen eta hauek, posibilismoa eta bakezaletasunaren izenean, eslogan hustuak bihurtzen ditu. Eta hori nola egiten da? Diruz, komunikabideen konplizitatearekin eta zapaltzailearen arauak zaintzearen konpromisoarekin.
Sozialdemokrazia kapitalismoak erakusten digun azenarioa da, makila poliziak eskuan daraman borra den bitartean. Biak elkartu dira Biarritzen G7aren gailurrean, eta biek bilatzen dute Herri Mugimendua desaktibatzea. Lehenengoek asimilazioaren bitartez, eta bigarrenek beldurra eraginez.
Sozialdemokraziak ez du onartzen bere ezkerrera dagoen ezer, eta horretarako ezkerreko pareta eta euren artean gelditzen den espazioa kakaz betetzen du. Zelan? Espazioa okupatu nahi duten jendea eta mugimenduak mespretxatuz eta karikatura bihurtuz
Sozialdemokraziak ez du onartzen bere ezkerrera dagoen ezer, eta horretarako ezkerreko pareta eta euren artean gelditzen den espazioa kakaz betetzen du. Zelan? Espazioa okupatu nahi duten jendea eta mugimenduak mespretxatuz eta karikatura bihurtuz. “Superiraultzaileak”, “errealitatetik urrun daude”, “etsaiari interesatzen zaio” eta antzeko adierazpenekin. Seguruenik, Miguel Angel, hau ere ezaguna egingo zaizu, izan ere antzeko mezuak hedatzen baitituzu zure artikuluan. Hegemonia mantentzeko sozialdemokraziari ezinbestekoa zaio ezkerrean gelditzen zaion guztia deuseztatzea. Beraiek dira ezkerra.
G7 Ez! plataformaren jokabidea azaltzeko Euskal Herriaren testuinguru politikoa eta “bake prozesua” aipatzen dituzu. Paragrafo berean poliziek ezarritako salbuespen egoera azaltzen duzu. Orduan, ze bake prozesu eta ze demontre! Hemen egon dena Herri Mugimenduaren eta ildo iraultzailearen desaktibaziorako prozesua izan da, sistemaren kudeatzaileen biolentziaren monopolioaren onarpenarekin batera. Prozesu hau inperialismoaren eskutik Euskal Herrira etorritako sasi-bakezaleen aholkuei jarraiki gertatu zen 2009tik aurrera, eta ezinbestekoa izan du erreformismoaren laguntza, Arnaldo Otegik Bateragune auziko epaiketan azaldu zuen bezala. Militantziari ez baina epaileari ondo azaldu zion prozesua, “onen” eta “txarren” arteko marra markatuz. Marra hori zeuk ere markatzen duzu artikuluan, eta ez da batere polita gelditzen: “Ni ez naiz izan, andereño!”
Urte gutxitan Herri Mugimendua suntsitzeko bereak eta bi egin dituzte batzuek, arditegian sartzen ez den ororekin harremanak apurtu, sistema burgesaren erremintak erabiliz egoitzak lapurtzera iritsi dira, poliziarekin elkarrizketatu (oraindik Aresekin egindako bilkuraren inguruko azalpenen zain gaude), gazteak jipiotu, zentsuratu... eta oraindik, Miguel Angel, arraroa iruditzen zaizu “disidentziak” G7aren aurka ezer antolatzeko indarrik eduki ez izana. Komuneko papera lapurtu diguzue eta orain gure etxean ipurdia garbitzerik ez dagoela salatzen duzue.
G7aren aurka ezer antolatzeko gaitasunik izan ez dugunok badaukagu zer hausnartu eta zer landu. Etengabeko autokritikan bizi gara. Bide horretan baikorrak izateko zantzuak daudela uste dugu, eta etorkizunean borroka ildo indarberritua garatzeko aukera izango dugula deritzogu. Zuek, Miguel Angel, nahi duzuen bidea egiteko eskubidea daukazue, besterik ez genuen falta. Jarraitu milaka euroko ekitaldi aretoak alokatzen, jarraitu etsaiarekin zuen jarduera politikoa paktatzen, jarraitu Espainiako Gobernuari egonkortasuna ematen, jarraitu liberatuak funtzionario politikoak bihurtzen, jarraitu banketxeak babesteko giza-kordoiak jartzen, jarraitu senideek presoei harrera esparru pribatuan egin diezaieten konbentzitzeko saiakeran, baina mesedez, utzi aspaldi abandonatu zenuten aulkia oinekin okupatzeari.