Aman Komunak sareak adierazi duenaren arabera, ostiral arratsaldean burutuko da G7aren goi bileraren harira atxiki zituzten dozena bat lagunen aurkako epaiketa, Baionan.
Joan den astean hasi ziren G7ko errepresaliatuen aurkako epaiketak, Akizen (Landak). Ostiralean, berriz, beste dozena bat lagun pasako dira epailearen aurretik, Aman Komunak sareak jakinarazi duenez. Bide judiziala hasita, sareak errepresaliatuei elkartasuna adierazteko eskatu du. Ostiralera begira, Baionako epaitegien atarian bazkari bat antolatu dute, eta arratsaldean Epaiska elkarteak ateak irekiko ditu Baiona Ttipian, epaituekiko elkartasunez.
“Azpimarratzekoa da atxiloketa bakarra ere ez dela bortizkeria kasuengatik burutu, nahiz eta Baionako prokuradoreak kontrakoa adierazi, ia atxiloketa guztiak neurri prebentibo gisa egin zituzten”, adierazi du Aman Komunak sareak.
Euskal Herrian eta inguruko lurraldeetan 146 pertsona atzeman zituztela adierazi zuen Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak. Horien artean, Euskal kostara zetozen hiru gazte alemaniar atxilotu zituen Frantziako Poliziak. Hamasei pertsona Frantziako lurraldetik bota zituztela ere jasotzen zuten prokuradoreak zabaldutako txostenek, "arriskutsuak zirelakoan", sareak adierazi duenez.
Poliziaren errepresioa nolakoa izan zen ikusita, ondorengo hilabeteetan hainbat epaiketa espero ditu Aman Komunak sareak.