argia.eus
INPRIMATU
G7aren goi bilerak iraun bitartean prentsa eskubidea urratua izan dela salatu du Frantziako Kazetarien Sindikatuak
ARGIA @argia 2019ko abuztuaren 27a
Polizia kontrol batean ARGIAko kazetariei konfiskatutako segurtasun materiala (Argazkia: Lander Arbelaitz)

“Kazetariek zenbait gertaeraren jarraipena egiteari utzi, ala ohitu beharko dute normalki jardun eta herritarrak informatu ezin izatera?”, aireratu dute galdera, G7aren goi bilera tarteko kazetariek jasandako jazarpen polizialaz arduratuta.

Hainbat kazetariri bere jarduna oztopatu egin diotela adierazi dute, eta zenbait kasutan poliziak susmagarritzat jo dituela gehitu. “Neurriz kanpoko kontrolak, babeserako materiala konfiskatzea, egiaztapen luze eta umiliagarriak, aintzatetsi gabeko nazioarteko prentsa txartelak… testigantza eta ikus-entzunezko froga ugarik egiaztatzen dute segurtasun indarrek kazetariekiko izan duten jarrera gaitzesgarria”, dio idatziak. Polizia inpunitate osoz aritu dela salatu dute.

G7aren kontra-gailurraren jarraipena egitera joandako etxe honetako kazetariak jazarpen polizialaren testigu izan dira: hamaika aldiz identifikatu eta gelditu dituzte errepideko kontroletan, babeserako zeramaten materiala konfiskatu diete, kotxeak miatu dizkiete eta luzez erretenituta ere izan dituzte.

Sindikatua, “Kazetarien Defentsarako Gida”-ren egilekide denez gero, gertaera hauen aurrean aurkezten den edozein demandari batuko zaiola jakinarazi dute.