argia.eus
INPRIMATU
G7aren bileran Errusiak ez du hitz egiten, baina Errusiaz hitz egiten da
  • Protesten artean egiten ari da G7aren bilera Alemanian. Munduko zazpi estatu boteretsuenak ari dira parte hartzen (AEB, Alemania, Kanada, Japonia, Frantzia, Erresuma Batua eta Italia).

Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko ekainaren 09a
Munduko estatu boteretsuenak bildu dira G7aren bileran.

Estatu horiez gain Jean-Claude Juncker (Europar Batzordeko zuzendaria), eta Donald Tusk, Europar Kontseiluko zuzendaria daude, baita Munduko Osasun Erakundeko eta Lanaren Nazioarteko Erakundeko (LANE) ordezkariak ere. Ez hala potentzia ekonomiko berriak, Txina, India eta Errusia adibidez.

Gailurreko gai nagusia aldaketa klimatikoa da, eta testuinguru horretan, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak hitz eman du gailur honek ekologian, osasungintzan eta emakumeen eskubideen alde emaitzak izango dituela.

Astelehenean Estatu Islamikoaren gaia, errefuxiatuen egoera eta aldaketa klimatikoa izan dituzte hizpide, baita lan baldintzak ere.

Gailurrean Errusia hizpide

Vladimir Putinek gobernatzen duen herrialdea ez egoteak kritikak eragin ditu Europako potentzia ekonomikoa den Alemanian bertan ere, SPDren eskutik.

Gailurrean Errusiaren aurkako santzioak ere zeresana ematen ari dira. Egoera horretan, Putinek Corriere della Sera egunkari italiarrari emandako elkarrizketan esan du ez daukala zentzurik Errusiari beldurra edukitzeak.

Putinek gobernatzen duen herrialdeak NATOri eraso egingo dion zurrumurruen aurrean adierazi du “soilik pertsona gaixo batek imajina dezakeela honelako zerbait”, Errusiaren politikak “izaera erasotzailerik ez baitauka”.