Pirinio Atlantikoen Prefeturak asteartean jakinarazi du zenbateko kalte-ordainak emango dituen abuztuan Biarritzen egin zen G7aren bilerak Lapurdiko merkatariei eragindako kalteengatik. 584 kalte-ordain eskaera egin ziren eta horietatik 412 onartu dituzte, gehienak Baiona, Angelu eta Biarritz hiriguneko negozioenak.
Departamenduko Prefeturak prentsa-ohar baten bidez eman du ezagutzera Lapurdiko merkatariei G7ko goi-bileran ezarritako segurtasun-neurrien ondorioz sortutako galerak arintzeko abian jarritako kalte-ordainen prozesuaren emaitza.
Guztira, Estatuko instantzia horrek 584 laguntza-eskari bideratu zituen, horietatik %59 Biarritzeko establezimenduetan, %22,5 Baionan eta %10 Angelun.
Kexak ere jaso ziren, neurri txikiagoan bada ere, Hendaiatik (guztizkoaren %3,5), Bidartetik (%2) edo Urruñatik (%1,5).
Munduko zazpi estaturik boteretsuenetako buruzagiek Lapurdin zuten presentziaren ondorioz, segurtasun neurri oso handiak hartu ziren eta haien eragina Biarritzetik harago iritsi zen, Lapurdiko kostalde osoa hartuz, baita Gipuzkoan ere.
Hasiera batean 300.000 euro baino gehixeago jarri zituen estatuak galera horiek konpentsatzeko, baina azkenean, 1.161.000 euro banatuko ditu. Prefeturaren arabera, zenbateko hori enpresa txikien artean banatuko da gehienbat, eskatzaileen %80k 500.000 eurotik beherako urteko negozio-zifra deklaratu baitu.
Onuradunek datozen egunetan jasoko dute laguntzaren zenbatekoa jasotzen duen jakinarazpena eta azaroaren hasieran hasi beharko lukete jasotzen.