argia.eus
INPRIMATU
G7aren bezperan Bizi! eta ANV-COP21 mugimenduetako kideek Irisarriko herriko etxeko Macronen argazkia erauzi dute
  • Abuztuaren 25ean Emmanuel Macronen potreten martxa egingo da Baionako kaleetan, 10:00etan hasita. Dagoeneko Frantziako Estatuko 128 herriko etxetatik erauzi dute presidentearen irudia aktibistek, klima aldaketaren aurrean Macronek ez duela neurri eraginkorrik hartzen salatzeko. Politika eraginkorrak martxan jartzean itzuliko dituztela hitz eman dute.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2019ko abuztuaren 23a
Argazkia @bizimugi

Le Journal du Dimanche-ren artikuluak ematen ditu igande honetan G7aren gailurrari erantzunez Baionan egingo den potreten martxa ulertzeko gakoak. Otsailean egin zuen deia ANV-COP 21 mugimenduak, eraikin publikoetatik Macronen erretratuak kentzeko, ekintza horren bidez salatuz aldaketa klimatikoaren aurrean errepubikaren presidenteak gauza bat esan eta bestea egiten duela. G7rako 125 erretratu eskuratzea jarri zuten helburu, justu egun kopuru hori behar izan baitu Frantziako Estatuak COP21ek ezarritako bere urteko aztarna ekologikoaren muga gainditzeko. Helburua gainditu dute, Irisarrin abuztuaren 23an erauzitakoarekin 128 erretratu baitira herriko etxeetatik kendutakoak, hauetatik hamaika Euskal Herrian.

Macronek ingurumenaren errealitatea ikus dezan

Hilabete hauetan, herriko etxeetatik ateratako erretratuak hainbat toki esanguratsutan agertu dira. Esaterako, Frantzian kutsatuena den Arve bailarako glaziarretan: "Presidenteari urgentzia erreala dela erakutsi nahi genion" adierazi dio Michel Piquand ekintzaileak Le Journal du Dimancheri. Orleans inguruan Franzeska Bindé-k erretratua eraikuntza lan batera eraman zuen, "hormigoizko proiektu inutil bat" erakusteko. Beaujolaisen Anne-Sophie Trujillo Gauchez-ek pestiziden aurkako manifestaziora eraman zuen presidentea. Abuztuaren 20 iluntzean Bizi!-k Biarritzeko Ama Birjinaren Harkaitzean erakutsi zuen erretratuetako bat:

Lapurreta egotzita zigortuak izateko arriskuan

Bizi!ko bost aktibista atxilotu zituzten maiatzean lau herriko etxetatik Macronen argazkia eramateagatik, eta poliziak galdekatu eta hauek adierazpenak egiteari uko egin ostean, aske utzi zituzten. Ekintzaile hauek 75.000 euro arteko isunak jaso ditzakete.

Artikulu honetan aipatutako Franzeska Bindé-k irailaren 13an izango du epaiketa eta Michel Piquand-ek urriaren 17an, eta bosna urteko kartzela zigorra eta 75.000 euroko isuna jaso dezakete. Anne-Sophie Trujillo Gauchez ere epaiketetan da, eta honek 10 urteko kartzela zigorra eta 150.000 euroko isuna du jokoan: "Seguru nago egiten ari naizenaz, badakit justiziaren alde zuzenean nagoela" adierazi dio Jurnal du Dimancheri. Piquandek horrela azaldu du bere jarrera: "Egiterako banekien zein ziren arriskuak, baina egiten badut, etorkizunarentzako egiten dut... denok ditugu gure bizitza, gure lana, gure beharrak... baina Arve bailaran arnasa hartzeko beharra benetan da larria". Oraindaino ANV-COP21 mugimenduak bere 57 aktibisten aurkako 17 salakeeta jaso ditu eta 900 ordu atxiloaldietan.

Igandean 10:00etan Baiona Zaharrera joateko deia egin du Bizi!k

Estalitako potreta bat eramateko eskatu du, "eta ez baldin baduzue potretik, zatozte deus gabe".