“G7ko gailurra Miarritzen antolatzeak suposatzen duen inposaketa eta probokazioari aurre egiteko bildu gara gazteok”, adierazi dute.
Abuztuaren 24tik 26ra, Miarritzen egingo dute gailurra mendebaldeko zazpi potentzia ekonomikoek eta Ipar Euskal Herriko gazteek Oldartu dinamika sortu eta abiatu dute honi aurre egiteko. Gazteen hitzetan, talde argazki bat ateratzeaz gain, guztien bizitzetan eragina izango duten politikak adostuko dituzte: “Kapitalaren legeak bermatu, elite ekonomikoen interesak defendatu eta esplotazioa betikotzeak elkartzen ditu G7ko estatuburuak. Finantza erakunde handienekin batera, sistema kapitalistaren mundu mailako norabidea finkatzeko boterea dute haien eskuen artean”.
“Turismo masiboaren adibide den postaletako hirira etorriko dira, Miarritzera. Euskal kulturaren folklorizazioa, prekarietatea eta etxebizitzen prezioen etengabeko igoera nahasten diren Lapurdiko kostaldera. Hots, euskal gazteriak duintasunez bizitzerik ez duen lekura”, esan dute gazteek. Hala ere, honi aurre egiteko, klase elkartasuna aipatu dute,bizi-baldintzak hobekuntza erdiesteko bide gisa: “Baliabide naturalen ustiaketa mugagabea eta aberastasunaren metaketaren logika borrokatuz, pertsonen eta ingurumenaren zaintza erdigunean ezar ditzagun”.
Albiste hau Topatuk argitaratu du eta Creative Commons lizentzia libreei esker ekarri dugu ARGIAra.