argia.eus
INPRIMATU
“G7an izango den errepresioari” aurre nola egin jakiteko tailerrak antolatu dituzte
  • Munduko aberatsenak Biarritzen bilduko dira abuztuan, eta G7 gailurra babesteko “frantses gobernuak matxinada soziala zanpatzeko erabiltzen dituen indar polizial eta judizialak indarrean jarriko ditu”, dio Aman Komunak sareak. Horren aurrean nola jokatu jakiteko tailerrak antolatu ditu.

ARGIA @argia 2019ko maiatzaren 15
G7aren aurka Biarritzen egindako protesta.

Azken finean, “Estatuaren tresna ezberdinak hobe ezagutzea da beldurrari muzin egin eta aurrera jotzeko bidea”, dio sareak. Horregatik, helburu hori duten eztabaida, hitzaldi eta tailer sorta prestatu dute maiatzaren 31tik ekainaren 2ra, Donibane Ziburuko gaztetxean.

Besteak beste, “identifikazioa, polizia-etxea, epaitegia, kartzela” kateak nola funtzionatzen duen azalduko dute Laurence Hardouin Baionako abokatuak eta Mattin eta Peio preso ohiek; mobilizazioetan zauritutakoak kalean bertan artatzeko tailerra emango dute; eta “Polizia eta justizia indarren estrategia berriak Frantzian” eta “Jaka Horiak, sozietatearen kontrako asaltoa?” hitzaldiak eskainiko dituzte.

Mugimendu sozialek bat egin eta erresistentziak epe luzera sendotu eta elkartzeko premia azpimarratu du Aman Komunak sareak.