G7ko herrialdeen ekonomia ministroek eta banku zentraleko buruzagiek erabaki dute teknologia enpresa handiek zergak ordaindu beharko dituztela dirua irabazten duten lekuetan, naiz eta fisikoki enpresa bertan ez egon.
Facebook, Google, Amazon eta Apple bezalako enpresek dirua egiten duten herrialde guztietan zergak ordaindu beharko dituztela onartu dute G7ko herrialdeetako ekonomia ministroek eta banku zentraleko buruzagiek. Horrez gain, Facebooken planifikatutako Libra bezalako moneta birtualek kezka sortu dutela diote, eta estu erregulatu behar direla munduko finantza-sistema aldatu ez dezan.
Ondorengoa adierazi du Bruno Le Mairek, Frantziako Ekonomia eta Finantza Ministroak: “G7ko herrialdeek enpresa pribatuei gutxieneko zerga jartzea erabaki dugu. Estatuen arteko konpetentzia fiskal oldarkorrarekin amaitu nahi dugu, baita zergak ez ordaintzeko bideak aurkitzen dituzten enpresa handien jokabideekin ere”.
Jens Weidmann Bundesbankeko presidenteak positiboki hartu du neurria: “Gaur iruzurra erregulatzeko nazioarteko adostasunaren hasiera izan da. Ez dago urduritzeko arrazoirik, baizik eta tentu egoteko”.