argia.eus
INPRIMATU
G20-ko protokoloa eta Txinaren lau marra gorri
  • Argazkia bai, ala argazkia ez? Oraintxe bertan, ez dago argi Rio de Janeiron hasi berri-berria den G20aren goi bileran argazkia izango ote dugun ala ez. Bertaratu diren agintari gorenen “familia-argazkia”, alegia. Horrelakoetan arauzkoa bihurtu dena: turista trauskilak bailiran bertako soinekoren bat edo jantzita, baina betiere protokolo landuenaz lerrokatuta, antzezten duten hori.

Mikel Aramendi 2024ko azaroaren 19a
Rion elkartu aurrerik, Liman bildu dira APECen goi-bileran G20koen erdiak edo. Eta hara non ikusi ahal izan dugun hango familia-argazkian Joe Biden Estatu Batuetako presidente bat ia inoiz ikusiko ez dugun tenorean: bigarren lerroan, ia bazter batean.

Bestelakoak –binaka, hirunaka, umoretsu, lan-itxuran– nahieran izango ditugu. Hizketa-gai ofizialak diren “G20 Soziala” eta gainerakoen ingurukoak, zer esanik ez. Baina protokolozko argazkia?

Gogoan izan behar baita duela bi urte, Indonesiako Balin, estreinakoz, ez zela halako familia argazkirik izan. Putin ez zen bertan, bai ordea Zelensky; baina baita Lavrov ere. Eta protokoloz haren alboan agertu behar zuenen batek uko egin zion jartzeari. Azkenean, Salomonena egin zuten antolatzaileek: argazkirik ez. Rion ere bertan da Lavrov, eta ikusi egin beharko nola askatzen duen korapiloa Lularen protokolo-lantaldeak.

Protokoloa, altzairua baino gogorragoa batzuetan, esne-mamia baino bigunagoa izan baitaiteke beste batzuetan. Goi-politikaren esanera. Bertatik bertarako adibidea: Rion elkartu aurrerik, Liman bildu dira APECen goi-bileran G20koen erdiak edo. Eta hara non ikusi ahal izan dugun hango familia-argazkian Joe Biden Estatu Batuetako presidente bat ia inoiz ikusiko ez dugun tenorean: bigarren lerroan, ia bazter batean. Txinako presidente Xi Jinping ez ezik, Kanadako lehen ministro J. Trudeau, Indonesiako presidente Subianto eta abar lehen lerroan daudenean. Baina mundu guztiak daki Bideni bi hilabete geratzen zaizkiola Etxe Zurian; eta horrelako protokolo-destainak doan dira bere laguntzaileak ere hartarako ez daudenean.

Edonola ere, protokolo hutsa baino askoz asmo trinkoagoa duen zerbaitetarako balio izan du Bidenek Limara egin duen agur-bidaia horrek. Xirekin egindako aurrez aurreko bilkura ez da elkarri agur esateko izan bakarrik. Ezta nagusiki ere, behintzat Xiren aldetik. Trumpekin antzekorik izateko aukera oso luze joan daitekeela susmatzen duelako edo, agintea uztear diren arduradun estatubatuar gorenak (Biden, Blinken eta Sullivan) erabili ditu Xik, datozenekiko (Trump, Rubio, Waltz, Hegseth) Txinaren “marra gorrien” mezulari izan daitezen.

Pare bat berezitasun nabarmendu behar dira, gutxienez, mezu horretan. Batetik, marra gorriak lau direla orain: Taiwan, demokrazia eta giza eskubideak, Txinaren bidea eta sistema, eta Txinaren garapenerako eskubidea. Orain arte, Taiwan aipatu ohi zen soilik “marra gorri” esamoldearekin uztartuta. Bistan da biziro hedatu dela kontzeptuan barne hartzen dena: garrantzizko guztia da “marra gorri” orain.

Bestetik, Xi bera izan dela gaztiguaren egilea. Gorenetik gorenerako abisua dela esan dezakegu.

Pekinek harrera egin dio Trumpi. Eta ez da baretzekoa izan.