Astelehenean abiatu da Hanburgoko Probintzia Auzitegian uztailaren 7 eta 8an G20 goi bileraren karietara izandako liskarrengatik atxilotutakoen aurkako epaiketa. 100 lagunetik gora epaituko dituzte, tartean David Rincón 31 urteko bilbotarra.
Momentuz pertsona biren aurkako prozedura jarri da martxan, eta ez dute zehaztu noiz hasiko den uztailetik Alemanian preso dagoen Rincónen aurkako prozedura. Epaitegiak eman du zigor bat dagoeneko, lehen eguneko saioaren ostean: 21 urteko holandar bati 31 hilabeteko espetxealdia ezarri diote, uztaileko liskarretan poliziari botilak jaurtitzeagatik.
David Rincónen abokatuak uztailean salatu zuen juridikoki babesgabe zegoela bere bezeroa, haren aurkako salaketa zehazki zein zen ez baitzekien. Liskarretan bertan ez baizik eta lagun batzuekin afaltzen ari zela atxilotu zutela ere nabarmendu dute. Rincónen askatasunaren aldeko hainbat ekintza izan dira udan, bereziki amaitu berri den Bilboko Aste Nagusian.
Bestalde, Hanburgoko Barne Saila 60 poliziak uztaileko liskarretan izandako jarduera ikertzen ari da, manifestarien aurka ustez egindako delituengatik. Haietako zortziren kontrako salaketak poliziaren barrutik iritsi dira.